ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Orenin: zikoinak uhartearen zaindari

1995ean heldu zen lehendabiziko zikoina bikotea Garaioko uhartera, Uribarri Ganboako urtegian; hegaztien topaleku garrantzitsua da gaur egun Orenin.

ANAKOZ AMENABAR GARAIO
2008ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Garaioko (Araba) urtegian izan direnek ikusiko zuten, parez pare, Orenin uhartea, baina gutxik ezagutuko dute bertatik bertara leku misteriotsu hori. Babestutako ingurua izanik, hara joatea debekatuta dago, baina, urrutitik bada ere, badago gordetzen dituen altxorrak ezagutzeko aukera. Urtegia egitearekin batera, 1953an, Oreningo biztanleek etxea utzi eta alde egin behar izan zuten, baina auzokide berriek hartu dute tokia azken urteotan. Zikoinen erreinua da, gaur egun, Orenin.

Lur sail txiki honetan, zazpi bat hektareakoa, hegazti zuriak dira jaun eta jabe, 1995az geroztik. Orduan heldu zen lehendabiziko zikoina bikotea uhartera, eta 2002an, haren atzetik, beste zenbaitek egin dute bizitokia bertan. Arabako Aldundiak Zikoinen irla izeneko proiektua egin nahi izan zuen Oreninen, hegaztietako babestokia izango zena, baina bertan behera geratu zen emaitzarik lortu ez zuelako. 80ko hamarkadan izan zen saioa, Euskal Herriko bazterretan zikoina desagertu eta Gamarrako (Araba) bikotea baino geratzen ez zenean. Jose Ignacio Arestik eta Fernando Camara naturzaleek jarri zuten abian egitasmoa, baina, hainbat arazo tarteko, ez zuen funtzionatu.

Azkenik, zikoinek eurek aurkitu dute lekua, eta hegaztiz bete da uhartea poliki-poliki. Joan den urtean hemezortzi habia zenbatu zituzten, eta hogeita bat aurten. Gustuko dute, antza, Arabako lautadako txoko honetako patxada. «Lasaitasuna da zikoinentzako lehendabiziko baldintza. Lasaitasuna nahi dute, eta Oreninen topatu dute», azaldu du Gorka Belamendia ornitologoak. Eta leku lasaia izatearekin batera, elikagaiak aurkitzea ere garrantzitsua da. «Narrastiak dituzte elikagai iturri nagusi, eta baita igelak eta zizareak ere». Beharrezko zutena aurkitu dute Oreninen.

Garaioko ur bazterretatik zikoinen mokokada hotsak argi entzuten dira, eta prismatikoez lagunduta, dotore ikus daitezke uharteko eraikin zaharren gainean zutik.Berde artean zuria da nagusi. San Lorenzo eliza zaharreko hondakinen gainean jartzen dira zaharrenak, uharte osoaren zaindari, eta etxeen hormetan gazteenak. «Halako eraikina egotea garrantzitsua dute habia egin ahal izateko. Dena den, zuhaitzetan ere egin izan dituzte habiak uhartean, beste lekuren batean ikusi ez duguna».

Makal eta sahats artean, beren txokoa aurkitu dute zikoinek uhartean. Lan zaila da denak ikustea, eta are gehiago zenbatzea. Belamendia eta beste zenbait ornitologo arduratzen dira zenbaketa egiteaz, urtean pare bat aldiz. «Garai zaila da hau zenbaketa egiteko. Zuhaitzek hostoak atera dituzte eta ezin dugu ondo ikusi. Garai ezberdinetan etortzen gara zenbaketa egitera, eta uhartea osorik ikusteko moduko garaieratik egiten dugu». Garaioko mendixketatik zenbatzen dituzte hegaztiak, ez dute uhartea zapaldu beharrik. «Bertara joango bagina, kaltea baino ez genieke egingo, animaliak aztoratu baino ez». Bikote zaharrenek lehenago edukitzen dituzte kumeak, bi hilabete lehenago askotan, horregatik egin behar izaten dituzte bi zenbaketa. «Orain kume handiak ikus daitezke, baina, ziurrena, izango da txitatzen ari den bikoteren bat ere». Joan den urtean, hemezortzi zikoina bikote zenbatu ziren Araban. Urte bikaina izan zen, adituen esanetan, batez beste hamar eta hamaika izaten direlako urtero.

Udaberria zikoina kopuru handia ikusteko garaia da, zahar eta gazteen topaleku da uhartea. «Zaharragoek, habia handiagoa dutenek, urte osoa egiten dute bertan. Gazteenak, aldiz, Espainia hegoaldera edo Afrikara joango dira negua pasatzera», gogoratu du Belamendiak. Arabako zikoinen %40 batzen dira Orenin inguruan, Garaio, Larrintzar eta Burgu herrien artean. Beste hainbeste Salburuan, eta gainontzekoak hainbat herritan daude sakabanatuta. Iaz, Arabako Aldundiak 68 bikote zenbatu zituen herrialdeko hainbat txokotan.



URIBARRI URTEGIA. Zikoinekin batera, lertxunen paradisua ere bada Orenin. «Lau lertxun bikote ditugu eta orain arte urtegi inguruan sekula ez genituen aurkitu, horregatik da hain garrantzitsua leku hau babestea». Hegaztien joan-etorria ikusteko aukera bikaina eskaintzen du Garaioko zelaiak. Ahateek ere topatu dute uhartea, eta haren inguruan dabiltza gehiegi aldendu gabe. «Badakite leku segurua dela eta gertu geratzen dira. Udan, batez ere, Garaioko bazterrak jendez lepo daudenean, badakite ez direla uhartetik askorik aldendu behar». Animaliak dira uhartean jaun eta jabe, gizakion bisitarik gabe gainera, urtegian txalupak erabiltzea debekatu zutenetik. «Bertan dauden txalupak baino ezin daitezke erabili, espezieen kutsaduraren ondorioz. Onuragarria da bertako animalientzat ere», esan du Belamendiak.

1953an egin zuten Uribarriko urtegia eta hala sortu ziren bertako uharteak ere, tartean Orenin. Aldameneko Urrunagako urtegiarekin batera eraiki zen, Gasteiz eta Bilboko hirien biztanleen eta industrien ur eskariak hornitzeko helburuarekin. Batez ere, Zadorra ibaiak eta Matura herriko inguruetan Las Ventas eta Barrundia erreketako urek osatzen dute urtegia.

Ur azpian geratzeko asmorik gabe, han mantendu dira, berrogeita hamar urteetan, hamabost etxe eta San Lorenzo elizaz geratzen diren hondakin apurrak. Urtegia egin aurretik zuen itxuraz jabetzeko Burguko San Pedro elizari begiratzea baino ez dago, handik gertu. Orenineko elizaren antzekoa da hau.

Putzu, zubi eta baserriek osatzen zuten egun hutsik dagoen herria. Harrizko etxeetatik geratu dena zuhaitzek estali eta huntzak jan du. Badira, gainera, ur azpian geratu direnak, eta lehortearekin baino ageri ez direnak. «Lehortearekin nik ezagutu dut Orenin arteko bidea egiteko aukera, zorionez urez gainezka dago orain».

Oreninekin batera, Uribarriko urtegiak beste hamaika ezusteko aurkezten du. Eguraldi onarekin batera, milaka lagun biltzen dira urtegietako bazterretara. Hegaztien lasaitasuna amaituko da tarte batez, eta bainua hartzen ari diren lagunen oihuak Oreninera ere helduko dira. Izan ere, Arabako hiriburuko gertutasunak jende oldea dakar uretara. Baina eguzkia hartu eta bainua hartzeaz gainera, aukera sorta eskaintzen du inguruak.

Landako eremuaren ondoan, urtegian iparralderantza dago Zuhatza, untxien uhartea esaten zaiona. Animalia txikien arrastorik gabe egun, ehunka haur eta gaztek, urtean sei hilabetez, jolasleku bilakatzen dute uhartea. Bertako etxoletara haur ugari biltzen da uda partean, Arabako Aldundiak eskaintzen dituen udalekuetan.

Zuhatzatik gertu dago ere Uribarriko hirugarren uharte garrantzitsua: Los Caballos. «Beleen etzaleku garrantzitsua da hirugarren uharte hau», nabarmendu du Belamendiak. «Oso garrantzitsuak dira uharte hauek, gordetzen duten faunagatik».Hegaztiak ikusteaz gozatzearekin batera, Garaioko parkeak beste hamaika aukera eskaintzen du. Uribarriko urtegia eta Zadorra ibaiaren erdigunean egonik, 116 hektareako zabalgunea, arabar askoren atsedenleku izaten da asteburu eta jaiegunetan.

Duela hogei bat urte prestatutako eremu honetan natura da protagonista. Urtegi bazterra behar bezala zainduta egoteko asmoarekin sortu zuten, eta horregatik, taberna eta saltokiek ez dutelekurik bertan. Izozkiren bat erosteko aukera baino ez dago, hara joaten diren izozki-furgonetaren batean.

Ibilbide interesgarriak egiteko aukera, bestalde, zabala da. Handik gertu, Mendixur parke ornitologikoa dago, esaterako, inguruetara joaten diren hogei mila hegaztien joan-etorriak gertutik ikusteko. Guztira 225 hegazti espezie ikusi izan dira Uribarri Ganboa urtegiaren inguruetan. Ramsar hezegunearen barruan dago Mendixur, Matura, Marieta eta Burgu herriekin batera. «Eragin ozeaniko eta Penintsula Iberikoaren barnealdeko kontinentaltasunaren transizio gunea da hau, eta horregatik, aniztasuna da nagusi bertan». Erkametz eta haritz basoak, urmaeleko ekosistemarekin bat egiten dute eremu berezian. Haurrentzako jolas parke handia ere dago bertan.



IBILALDIAK. Hegaztien behaketa, ibilaldi lasaia, zikloturismoa, bainua. Nork bere gogoko ekintza praktikatzeko aukera dauka Uribarri inguruetan. Natura interpretaziorako jardunaldietan parte hartu edota urtegiaren bazterretik doan ibilaldi berdean zehar egiteko oso aproposak diren ekintzak antolatzen dituzte astebururo, gainera. Bertako turismo gunean izen ematea besterik ez dago.

Uribarriko urtegiko bazterretan berrogeita bost bat kilometroko ibilaldia egiteko aukera dago, oinez zein mendiko bizikletaz. Bidean, jolas parkeak, hondartzak, ur gaineko pasaguneak, hariztiak eta balio ekologiko handiko hezeguneak aurkituko ditu bisitariak. Asteburuan osteratxoa egiteko aukera aproposa.



JAKINGARRIAK

Nola iritsi: Gasteiztik N-104 errepidea hartu, eta Ozetan A-3012 errepiderantza hartuko dugu. Maturara heldu aurretik aurkituko dugu Garaiorako bidegurutzea.

Non jan: Garaioko parkean ez dago jatetxerik, baina badago bertan bazkaltzeko leku aproposa, mahai eta garbiketarako harraskekin ere. Garaiotik gertu, Marietan, Zaharra tabernan bildotsa, babarrunak eta kazolatxo batzuk jateko aukera dago (0034/ 945 317115), eta bideari jarraituta, urtegi bazterretik hamar bat minutura Landako Etxe Zuri aurkituko dugu, kazolatxoak eta bokatak jateko leku aproposa (0034/ 945 299981).

Non lo egin: Matura herrian Sagasti Zahar XVI.mendeko landa etxea dugu, urtegitik gertu. (0034/ 945 317158).

Informazio gehiago: [email protected].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.