The Guardian-en igandeko gehigarri The Observer-ek piztu du sua. Chris Stringer paleontologoak Evolutionary Anthropology aldizkarian argitara emandako iritziak jaso ditu Atapuercako (Burgos, Espainia) Hezurren Leizeari buruz. Paleontologo ezagunak zalantzan jarri du Juan Luis Arsuagak eta bere taldeak eraiki duten teoria ebolutiboa. Aztarnategi horretan aurkitutako 28 banakoren hezurrak oker datatu dituzte, haren ustez; «200.000 urte berriagoak dira», dio. Ez hori bakarrik: Homo heidelbergansis-enak ez, baina Homo neanderthalensis-en fosilak direla dio, Atapuercako ikertzaileen ustearen kontra.
Arsuagak garrantzia kendu dio auziari, Stringer «aspaldiko laguna» duela esanez. Aitortu du, hala ere, ez direla ados Hezurren Leizearen inguruan. «Ez genuen sekula esan 600.000 urte baino gehiago zituztenik; 400.000 edo 500.000 urtez ari gara. Datazioak egitea oso zaila da; Europan ez dago 300.000 urtetik gorako fosilik, ezin delako datatu. Geologiaren bidez datatzen ditugu, zeharka».
Juan Luis Arsuagaren ustez, Hezurren Leizeko fosilak Homo heidelbergensis banakoenak dira, «eta hominido hori ez da Homo sapiens-aren arbasoa, Neanderthalgo gizakiarena baizik». Bien arteko arbaso komuna da, ordea, Stringerrentzat, eta hor dago benetako eztabaida paleontologikoa. Stringerri Atapuercara joateko gonbita egin dio Arsuagak.
Ezarian. Zientzia
Atapuercako datazioak oker egin dituzte, Chris Stringer adituaren ustez
Paleontologo ingelesak auzitan jarri du Juan Luis Arsuagaren interpretazioa Hezurren Leizeari dagokionez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu