Bilboko Aste Nagusia

Ateratzeko zain dago Marijaia

Bihar hasiko da Bilboko Aste Nagusia, Patxo Telleria pregoilariaren hitzaldiarekin eta Gisele Felli txupinerak botako duen suziriarekin. Datozen egunetan, 800 ekitalditik gora izango dira hirian.

Ordu gutxi barru hasiko da Bilboko Aste Nagusia. Dena presdute herritarrek. RAUL BOGAJO / EFE
Berria
2016ko abuztuaren 19a
12:06
Entzun

Ordu batzuk baino ez dira falta Bilboko Aste Nagusia hasteko. Bihar 19:00etan izango da hasiera ekitaldia, Arriaga antzokiko balkoian. Patxo Telleria antzerkigileak egingo du festen hasiera hitzaldia, eta Gisele Felli Gorritxo Komantxe konpartsako kideak piztuko du suziria. Haiek izango dira aurtengo Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera, hurrenez hurren. Postuei dagokien jantzia probatu zuenean esan zuen Telleriak nolako pregoia egin nahi zuen: "Oso laburra, originala, dibertigarria eta elebiduna. Festa girokoa izan beharko du, eta leku egin beharko dio erasoen aurkako aldarrikapenari ere".

Aste Nagusian eraso sexistarik gerta ez dadin, protokolo bateratua osatu dute udalak eta konpartsek. Ez beti da ez kanpaina aurkeztu dute elkarlanean, eta merkatarien elkarteek ere parte hartu dute. Jaietan informaziogunea jarriko dute, eta 5.000 gida banatuko dituzte.

Mugimendu feministak gaur aurkeztu du protokoloa. Aste Nagusia amaitu bitartean, emakume taldeak ibiliko dira Bilboko kaleetan, "erasoak salazeko, eta ikusarazteko". Zaintza lanak egingo dituzte, beraz, eta "festa giroaz denek berdin goza dezaten".

Ehunka ekitaldi

Datozen bederatzi egunetarako, 500 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte Bilboko Konpartsek. Berrikuntza gisa, aurten itsasadarra ere jaigune bilakatu nahi izan dute, eta, horretarako, puzgarri erraldoi bat jarriko dute astelehenetik aurrera, 10:00etan eta 17:00etan. Gainera, urtero antolatzen dituzten ekitaldiak ere ez dira faltako: Goitibeheren III. Open Aste Nagusia, Xakea, arrantza eskola, Aerobithona, sukaldaritza txapelketa...

Udalak doako 300 ekitalditik gora antolatu ditu, «gustu eta publiko guztientzat». Besteak beste, Bilbon izango dira Ken Zazpi, Bunbury, Mago de Oz, Izal, Carlos Baute, Gente de Zona eta Las Tea Party. Baita bertsolariak, bilbainadak eta folk eta reggae kontzertuak ere. Horiek guztiak Europa parkean, Abandoibarran, Plaza Barrian eta Pergoletan egongo dira, jaiek irauten duten bitartean. Azken urteetan bezala, Txikigunea Kasilda Iturrizar parkean egongo da, baina aurreko urteetan baino ordu gehiagotan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.