Baztango antzinako argazkiak ikusteko aukera izango da gaurtik aurrera, Iruritako (Nafarroa) Jauregia dorretxean. Foto Mena Elizondoko argazkilari etxeakantolatu du erakusketa, eta gaurtik hasi eta abuztuaren 26ra arte ikusi ahalko dira argazkiak, 18:30etik 20:30era. Foto Menak 1887tik dihardu argazkilaritza munduan, eta Baztango eskualdean erroturik dago ordutik.
Iruritako Jauregia, Jauregi Zuria izenez ere ezaguna, Nafarroan XIV. mendearen amaieran eta XV.aren hasieran eraiki zituzten dorretxeetako bat da. Bisita gidatuak, kontzertuak eta bestelakoak egiten dituzte gaur egun han.
Dorrea elkartearen laguntzaz egin dute erakusketa. Elkarte horrek Baztango arkitektura eta etxegintza tradizionalaren informazioa jaso, ikertu eta irakasten du. Era berean, ondare arkitektonikoarekin, historikoarekin eta kultura orokorrarekin lotura duten jarduerak bultzatzen ditu, eremu horretako entitate publiko eta pribatuekin batera: erakusketak, kontzertuak eta ekitaldi kulturalak antolatzen dituzte.
Baztango ondare arkitektonikoak interes historiko, artistiko, zientifiko eta etnologiko handia du: etxeak, hirigintza, baserriak, errotak, jauregiak, industria, aztarnategiak eta beste daude han. Horretan datza erakusketaren interesa.
FOTO MENA ELIZONDO
Noiz. Gaurtik abuztuaren 26ra arte. 18:30etik 20:30era.
Non. Iruritako Jauregia dorretxean (Baztan, Nafarroa).
Atzera begiratzeko argazkiak
Iraganeko argazkiekin osatutako erakusketa bat antolatu du Foto Mena Elizondok, Jauregia dorretxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu