Angel Rekalde (Tolosa, Gipuzkoa, 1957) Nabarralde elkarteko zuzendaria da. «Nafar Estatuko herritarren baldintza politikoa bete-betean berreskuratzea» da elkartearen helburua. Vasconia, Euskadi, Euskal Herria, Navarra... hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Sutegin (Usurbil, Gipuzkoa), Koldo Martinez Garaterekin batera.
Kirol selekzioaren izena, EITBren terminologia politiko berria... Nork esango zuen duela hamar urte euskaldunen herrialdearen izenaren eta izanaren inguruan hainbeste eztabaida egongo zenik.
Estatutuaren urteurrena ospatu zuten egunean, Joseba Arregik esan zuen: «Euskadi eta, nahi baduzue, Euskal Herria sekula ez dira izan subjektu politikoa Estatutua izan arte». Arrazoia dauka. Baina ezin du esan euskaldunak ez direla inoiz izan subjektu politikoak historian, izan zirelako, Nafarroaren bitartez. Hori da gakoa. Euskadik eta, gaur erabiltzen den bezala, Euskal Herriak ibilbide motza izan dute zentzu politikoan. Baina euskaldunok historian egon gara, eta sekulako historia izan dugu, Nafarroa gisa. Pertzepzio hori berreskuratu nahi dugu. Historian euskaldunok izan ditugun izenak azalduko ditugu hitzaldian, eta zergatik.
Urteak daramatzazue gauzok azaltzen hitzaldietan. Ez al zaizue iruditzen Iñaki Perurena harri-jasotzaileak askoz gehiago lortu duela bost minutuko bideo batekin?
Atzetik inurri lan handia egin delako lortu du Perurenaren bideoak halako arrakasta, hain zuzen ere. Gu oso gustura gaude Perurenarekin eta gaiari eman dion zabalkundearekin, azken finean, hura gure taldekoa delako. Baina aurreko lana egin behar da, eta lan itzela egin behar da oraindik, estali dizkiguten erreferentziak berreskuratzeko. Harresiak, gazteluak, gure presentziaren aztarna denak txikitu dizkigute, eta dokumentu guztiak erre dituzte historian zehar. Gaztelak eta gero Espainiak lan hori egina dute gure presentzia desagertzeko.
Perurenarekin gertaturikoa zuen mezua sartzen hasi den sintoma iruditzen zaizu?
Bai. Hasieran, ero batzuen ateralditzat hartzen zuten askok hau. Lan serioa egin da modu askotan, eta gero eta sinesgarritasun handiagoa du. Bideoa orain duela hamar urte agertuz gero, «zer dio honek?», esango zuen jendeak. Orain, berriz, zein serio eta zein ondo azaltzen duen eta arrazoia duela ikusten dute. Lan hau beste herri askotan egin da; esaterako, Katalunian. Gure gizartea, ordea, ez da horren kultua izan.
Konkistaren urteurrena gogoratuko da 2012an. Abiada hartzen joango zaretela uste duzu?
Oso talde txikia gara, baina gure mezua oso indartsua da eta jendea erakartzen du. Konkistaren inguruan Vianan kongresua egin genuen duela gutxi, eta harrigarria izan zen zenbatek hartu zuten parte. Miguel Sanz Nafarroaren «inkorporazioaz» mintzatu zen Legebiltzarrean, eta gaitzespen oihuak entzunda, esan behar izan zuen: «bueno, inbasioa, konkista edo nahi duenak nahi bezala uler dezan». Duela hiru urte ez zuen esango.
Slavoj Zizek filosofoak udan esan zuen Iruñean estatu-nazioa baino zer edo zer hobea asmatu beharko genukeela euskaldunok guretzat.
Zizekek agian ikusten du estatu-nazioak desagertzen ari direla, baina nik ez dut inon ikusten. Nik besteek daukatena nahi dut. Ez dut izan nahi munduan espainiarren edo frantsesen bitartez, baizik eta euskaldun gisa.
«Atzetik inurri lana egin dugulako izan du Perurenaren bideoak halako arrakasta»
'Vasconia, Euskadi, Euskal Herria, Navarra...'., euskaldunon herrialdea adierazteko horrenbeste izen zergatik dagoen eta bakoitzaren historia azalduko dute Rekaldek eta Koldo Martinez Garatek Usurbilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu