Etengabeko euri jasek ez zuten lortu klima aldaketaren aurkako protesta bertan behera uztea igandean. Ehunka pertsona elkarretaratu ziren Baionan estatuek CO2 isurketak aurten berean %10 murriztu dezatela eskatzeko. Karrikak aldarrikapen eta alaitasunez betetzea zen Alternatiba herrixkaren helburua. Alaitasuna aterpeetara mugatu behar izan zen,baina aldarrikapena isildu gabe. Alda dezagun sistema, ez klima. Igandeko ekimenaren leloa eta etorkizuneko erronkaren ardatz.
Euriak eragindako trabak alde batera utzita, jendearen parte-hartzea baikorra izan dela azaldu du Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko kideak. Antolatzaileen iritziz, mila lagunek baino gehiagok hartu zuten parte, izan dadin mintzaldietan, herri bazkarian, goizeko harrera ekitaldian edo hainbat elkarteren egoitzetan antolatu ekimen eta tailerretan.
Goizean lau mintzaldi egon ziren tenore berean, eta lauak beterik egon ziren. Mundializazioaren aurkako mugimenduko pertsona garrantzitsuenetarikoa da Susan Georges, eta haren mintzaldiak jakin-min berezia sortu zuen. «Ehun pertsonarentzako kadirak jarri genituen; hainbat zutik egon ziren mintzaldian, eta jende anitzi kanpoan gelditzeko eskatu genien, ez zegoelako guztiontzako tokirik», azaldu du Etxeberrik. Georges-en mintzaldiak jendearen interesa piztu zuen eta aldi berean, Euskal Herrian ikusitako dinamikak harrituduela azaldu zuen Georges-ek.
Igandeko ekitaldia burutu bezain laster, mugimendu altermundialistak ondoko ekaldietan du begirada. 350.org izeneko mugimenduak deiturik, mundu zabalean 7.400 ekimen egin ziren igandean, Baionan antolatutako herrixkaren irizpide berean. «Kopenhageko goi bilkuran izandako porrotaren ondoren, anitz dira mugimendua gogortu behar dela dioten taldeak» azpimarratu du Etxeberrik.
Lorpena helburu
Mundu zabalean informazioa zabaltzeko eta presio egiteko ekimenak burutu ondoren, egindako lanen emaitzak neurtzeko garaia heldu dela diote. Presio taldeek ez dute lortu gas isurketen murrizketa. Desobedientzia zibilerako deia egitearen aldekoak gero eta gehiago dira. Estatu Batuetako talde ekologistek gogoeta sakona abiatu dute eta ondoko asteotan eginen dituzte proposamenak. «Munduko mugimendu ekologista Mexikon bilduko da, Cancun hirian. Ez dugu han egoteko paradarik ukanen, baina Europan bertze goi bilkura bat antolatzeko xedea aztertzen ari gara», dio Etxeberrik.
Aukera berriak ernalduz
Jende ugari etxean gelditu zen euri jasengatik; baina, hala ere, ehunka pertsona elkarretaratu ziren Baionan klima aldaketaren aurkako nazioarteko egunaren karietara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu