Osasuna. Sexologia

Aukera ederra edo aitzakia ederra

Edozein une da egokia egunerokotasuna hausteko. BERRIA.
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Uda gainean dela, osasunarekin lotutako alorretako profesionalei sarri eskatzen dizkigute udari lotutako artikuluak; ez da nire kasua izan. Baina aitortu behar dut sasoi honi lotutako gaiak erraz ateratzen direla.

Oraingoan udak dakartzan gorabeherak jorratu beharrean—bikotekidearekin azken ahaleginak; familiaren antolakuntzaren istiluak; oporrak batera edo nor bere aldetik egitea; egunero erabaki berriak hartu behar izatea, ikasturtearen errutina eta babesa apurtuz; beroak dakartzan gorputzen edertasuna agertzea; ardurarik ezak areagotzen duen lasaitasun eta, beharbada, berez desioa…—, uda izango da gure aitzakia, aldaketa txiki batzuk proposatzeko .

Gure bizitzan, lanean, kuadrillan, familian, zaletasunak partekatzen dugun taldean, etxean… gutariko bakoitza sistema batean murgilduta dago. Sistemaren kide bakoitzak joko (harreman)bat jokatzen du, eta denon artean joko bat eraikitzen dugu. Denon parta hartzeak (aktiboa zein pasiboa) eragina dauka eraikuntza horretan, eta denok ezinbestekoak gara gertatzen dena gerta dadin. Horiek horrela, gauza batzuetarako oso aberasgarria den sistema batean bizi gara; beraz, hobe ez bada aldatzen; eta, beste batzuetarako, dinamika zirkular gaiztoetan sartzea oso erraza da. Oso zaila izaten da dinamika gaizto horiek aldatzea; izan ere, gehienetan, kide bakoitzak sentitzen duelako bere joera bestearen joeraren eraginaren ondorioa dela. Nork arrazoi? Kide guztiek arrazoia dute, bakoitzak berea, bakoitzak bere sentipenarekin, pentsaerarekin eta ekintzekin gauzatzen duelako harremana. Zaila da ezer aldatzea aldaketa soilik lagunaren eskutik etorri behar bada.

Gaurko jokoan jokalari bakarra dago: norbera baino ez. Beraz, proposatzen dizuedana bakoitzaren esku baino ez dago. Aldaketa norberari dagokio.

Jokoaren izena: Giltza.

Iraupena: Uda osoa, ekainaren 23tik irailaren 22ra.Gutxienez behin jokatu behar dugu.

Adibidez: Lanari lotuta baldin badago, lanegun baten orduetan; bikotekidearekin zer ikusirik badauka, berarekin gauden bitartean edo berari buruz berba egiten dugunean…

Arauak: Aukeratu dugun jokoa ez diogu inori ere kontatu behar. Apuntatu behar dugu gure ekintza egin aurretik eta egin ostean nola sentitzen garen, eta abar.

Jokoari buruz idatzi zuk gura duzuna, eta lagun bakoitzak alda dezala gutxienez gauzatxo txiki bat bere bizitzaren alor bakoitzean.

Adibidez:

1. Gaur lantokira edo etxeko errekaduak egitera kulero edo galtzontzilo barik joango naiz.

2. Gaur ez diot nire bikotekideari gaitzespen edo zuzenketa bat bera ere egingo: ez ahaztu umearen merienda; muxurik ez niretzat?; eskuak bainoago atzaparrak dauzkazu maitea; ezin al zara lehenago heldu etxera ala?; ezin zaitut laztan bat bera ere egin, lehorra zara ba!; lagunekin berba gehiago egiten duzu nirekin baino; tipula apur bat gehiago bota behar zenioke tortillari; martxa honetan ez gara helduko inora ere; hain arin korritzen bazara, ez dakit nik bat…

3. Gaur umeak esaten duen guztiari kasu egingo diot. Adi eta goxo egongo naiz.

4. Gaur aita-amaginarrebak etxera bazkaltzera datozenean, nire soinekorik erotikoena jantziko dut.

5. Gaur ezezagun bati begietara begiratuko diot, ohi baino apur bat denbora gehiagoz.

6. Gaur lanean telefonoa erdi eskegita utziko dut, eta 3-5 minutuan fantasia erotiko bat idatziko dut lantokian.

7. Gaur etxeko lanak egiten nabilela, tartetxo bat hartuko dut eta sukaldean masturbatuko naiz.

8. Kuadrillan nagoela bakarrik gauza onak aipatuko ditut.

9. Gaur nire 15 urteko seme-alabari, zer egin duten galdetu beharrean, nire eguna kontatuko diet.

10. Gaur nire bikotekideari SMS lizun bat idatziko diot.

11. Gaur itsasoan biluzik egingo dut igeri.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.