Aupa... Hitler!

2005eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Barkatu-barkatu-barkatu gaurko izenburuaren desmasia. Muturrera joan beharrean aurkitzen naiz-eta, ondorengo matraka kontestualizatu ahal izateko:

Espainiako Indar Armatuei —okupatzaileei— buruzko iragarkia ari dira botatzen egunotan ETB1en. Euskarak edozertarako balio duelako, noski, norbaitek behar baldin bazuen azken frogarik. Hizkuntzaren bidez kosmogonia propioa bideratzen dela pentsatzen dutenentzat, ordea, kolpe latza. Azala eta mamia bereizita daudela pentsatzen dugunontzat, aldiz, alderantzizkoa.

Eta honakoa duzue gaurko Simpson-pasartea:

Patty eta Shelma Deverois ahizpa bikiak (halaber Marge Simpson ezkonduaren ahizpak ere) erretzaile amorratuak dira. Administrazioan lanean dabiltzanez (gida-baimenak banatuz) kontu handiz ibili beharra daukate tabako kontuekin. Baina Homer Simpson koinatua horrenbeste gorrotatzen dutenez, bulegoan bertan zigarreta erretzearen plazerari ezin izan diote uko egin, Homerrek hainbatgarrenez azterketa suspenditu ondoren. A zer plazera, diote ahizpa biek keari begira… Kontuz: bapatean, emakume inspektorea ageri da, eta zigarreta piztuak hautsontzian ikusi ditu! Zer da hau, nor ari da erretzen eraikin publiko batean, zuenak al dira zigarreta hauek, andereñoak? Lanpostua galduta ikusten dute Patty eta Shelma Deverois ahizpa bikiek… Homer pozik, nola ez! Baina Marge Simpson ezkondua ere bertan dago, eta sufritzen ari da ahizpa biengatik, Homer ere konturatzen ari denez. Orduan, zigarreta biak (biak!) hartu ditu Homerrek eta ahora eraman. Zer da hau, galdetzen dio Homerri emakume inspektoreak, zigarreta bi hauek zureak al dira, jauna? Bai andrea, erantzun dio Homerrek. Biak ere? insistitzen dio emakumeak, ezin sinetsita. Bai andrea, Homerrek, Marge maitearen ahizpa gorrotagarriak salbatzearren.

Orduan barkatu, andereñoak… esan die, azkenean, Patty eta Shelma ahizpei: salbaturik daude! Homerri, ordea, zaplazteko bat eman dio aurpegian emakume inspektoreak. Eta joan aurretik, zera diotso: zu zeu, jauna, okerragoa zara… Hitler baino!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.