Ezarian

Aurreiritziak apurtuz

Ijitoei buruzko aurreiritziak saihestu, eta haien kultura eta tradizioak azaldu nahi dituzte 'Ijitoak gaur egun' jardunaldietanErakusketak, mahai ingurua eta 'Nevitama' dokumentalaren emanaldia izango dira

Ijitoen histoari buruzko eta emakume ijiotei buruzko erakusketak zabaldu dituzte jardunaldien barruan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Ijitoen bizimodua, historia eta egungo egoera azaleratzea dute xede Ijitoen Idazkaritza Fundazioak Nafarroako Kutxaren laguntzaz antolatu dituen jardunaldiek. Ijitoak hezkuntza sisteman laguntzeko eta barneratzeko Promociona (Sustatu) programa aztertu dute. Etzi, berriz, komunikabideek oro har ijitoez eskaintzen duten «irudi txarra» eta horren zergatiak aztertuko dituzte. Horretarako, Nevitama dokumentala emango dute. Ondoren, hainbat komunikabidetako kazetariek komunitate horretaz eskaintzen den irudiaz eztabaidatuko dute. Txema Uribe Nafarroako Unibertsitate Publikoko antropologoak zuzenduko du foruma 19:30ean. Horretaz gain, ijitoen historiari buruzko eta emakume ijitoen inguruko erakusketak ere ikus daitezke. Guztiak ere Civicanen, urriaren 15era arte.

Ijitoak India eta Pakistan artean dagoen Panyab lurraldetik mundu osora zabaldu ziren, eta romani hizkuntza hitz egiten dute. Euskal Herrira XV. mendean iritsi ziren, eta ezarrita dauden toki gehienetan baztertuak izan dira mendeetan. Adibidez, Auschwitzen naziek 4.000 ijito erre zituzten, eta, Franco hil zen arte, ijitoen aurkako legea indarrean izan zen Espainian. Egun errealitatea beste bat den arren, oraindik ere ijitoekin askok aurreiritzi asko dituztela uste du Ines Garcia Nafarroan Ijitoen Idazkaritza Fundazioko zuzendariak. «Gizartearen gehiengoak aurreiritziak eta estereotipoak ditu, baina errealitatea bestelakoa da. Gehienak ez ditugu ikusi ere egiten gehiengoak ezarri dizkien ezaugarriak betetzen ez dituztelako». Hego Euskal Herrian 21.000 inguru bizi dira, eta familia dute beren kulturaren oinarri. Baina ijitoen kasuan familia ez da guraso eta seme-alabek soilik osatzen duten taldea, hori baino talde zabalagoa da. «Familia eredu ezberdina dute, aitona-amonak, osaba-izebak, familia handia dute, eta horretan oinarritzen dute nortasuna».

Ijitoen betiko lanbideak —salmenta ibiltaria, txatarra bilketa edo lanabes askotarikoen konponketa— galtzen ari dira, eta trebakuntza jakin bat ez izateak lan duin bat lortzeko aukera murrizten die. Langabezia tasa handia dute, krisiarekin langabezian geratu diren lehenak izan direlako. %40ko langabezia nozitzen dute, eta, gainera, egiten duten lan asko ere ez da estatistiketan sartzen.

Horretaz gain, talde gaztea osatzen dute, gizartearen gehiengoak baino heriotza tasa handiagoa dutelako. Ijito ez direnak baino hamar urte lehenago hiltzen dira, batez beste. Nafarroako emakumeak 84 urte arte bizi dira, batez beste. Emakume ijitoak, berriz, 74 urterekin hiltzen dira.

Hezkuntzaren garrantzia

«Ezjakintasun handia dago, eta estereotipoak gailentzen dira. Ijitoez mintzatzen garenean komunikabideetan agertzen diren irudiak txarrak dira beti, eta horrek aurreiritziak sortzen ditu», salatu du Garciak. Baina dena ez dela arazo frogatu nahi dute jardunaldietan, eta, horretarako, aurreiritzietan oinarritutako ezjakintasuna gainditu nahi da jardunaldiekin. Ijitoen historia eta emakume ijitoen historia biltzen dituzte bi erakusketatan. «Ijitoak beti artearekin eta musikarekin lotu izan dira, baina argazki horretatik at beste asko daude. Abeslari, irakasle eta diseinatzaile gisa nola aritu diren ikus daiteke. Gehienak ezezagunak dira baina ijitoak izaten jarraitzen dute».

Jardunaldietan hezkuntzaren garrantzia azpimarratu nahi dute. Ijitoak hezkuntza sisteman laguntzeko eta barneratzeko Promociona (Sustatu) programa aztertu da. Europako Batasuneko diru laguntzaz Espainian eta Euskal Herrian bizi diren ijitoen egoera hobetzeko egindako programa da. Egitasmoak ijitoen heziketan jartzen du indarra. Programa 2008an abiatu zen, ijitoen eskolaratze emaitzak oso kaskarrak zirelako. Artean ijitoen %80k ez zuten derrigorrezko irakaskuntza bukatzen. «Datua oso kezkagarria zen eta ijitoak eskolaratzeko lan handia egiten ari gara», azpimarratu du Garciak. Ijitoentzat erreferente izan daitezkeen ijitoak trebatzean oinarritzen da egitasmoa. Nortasuna galtzeko beldur, ohiko hezkuntza sisteman sartzea kosta egiten zitzaien ijitoei, baina programa honen bidez gero eta ijito gehiagok bukatzen dute derrigorrezko hezkuntza eta joaten dira unibertsitatera. Ikasketekin arazoak dituzten ikasleak laguntzen dituzte. Etxean ikasteko baldintza egokiak lortzen laguntzen diete, eta eskolako lanetan ere bai. Lehen hezkuntzan hasten dira, eta bigarren hezkuntzan jarraitzen dute. «Ijitoek ikastea baliagarria dela ikusi behar dute, eta eskola ez dela nortasuna kenduko dien zerbait. Familien eta eskolaren artean harreman berezia sortu behar da, heziketa oso garrantzitsua dela azpimarratuz».

Astean hiru egunetan izaten dituzte eskolaz kanpoko laguntza, eta elkarteak bi gela ditu, bat Iruñean, eta bestea ibiltaria da eta Erriberako hainbat herritan ibiltzen da. «Gero eta ikasle gehiago ditugu; batez ere, neskak. Unibertsitatean ari diren hiru neska baditugu. Datuak ez dira sekulakoak baina ijitoentzat pauso hori oso garrantzitsua da. Derrigorrezko maila bukatu eta ikasten jarraitzen duelako. Mugarri bat ezartzea da». Nafarroan euskaraz ikasten dutenak ere badaude, eta irakasle euskaldunak ere behar izaten dituzte. Berriozarko Mendialde ikastetxean hiru haur joaten dira D eredura.

Komunikabideen zeregina

Komunikabideek ijitoen irudi ezkorra eta okerra sortzen egin duten lana ere aztertuko dute. Horretarako, Nevitama Ramon Vazquez Salazarek egindako dokumentala pantailaratuko da. Nevitama-k hitza esan nahi du ijitoen romani hizkuntzan. Ijitoei komunikabideetan ematen zaien tratua salatzen da ordu bateko dokumentalean, eta gogoetarako bidea ere irekitzen du. Dokumentalaren azken zatian ijitoak gehiengo diren gizarte batean albistegiak nola izanen liratekeen mahaigaineratzen da. «Ikusleak gogoeta egitea nahi dut, eta gutxiengoak, kasu honetan ijitoak, zeinen gaizki irudikatzen diren ikusarazi», dio zuzendariak. Vazquezen ustez, ijitoen irudia «gehiegitan manipulatu da», eta talde horren «deshumanizazioa» ekarri du. «Ijitoen kultura ez dago inongo konstituzioan onarturik. Ez gaituzte herri bezala ikusten eta bazterreko kultura gisa irudikatzen gaituzte komunikabideetan. Horrek diskriminazioa eta aurreiritzi oker asko sortu ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.