Azken urteetan joan ez direnak harrituta geratzen dira Ondarretako hondartzari begiratzerakoan. Egunero joaten direnak, ordea, ohiturik daude jadanik. Harriek estaltzen dute itsasertza, eta ia ezinezkoa da hondarretatik uretaraino joatea, hanka azpiak mindu gabe, behintzat. Hori dela eta, udalak hainbat korridore ireki ditu, uretarako sarbidea errazteko. Hondartzarenak berarenak diren harriak alde batera mugitu, eta urak ekarritako bestelako harriak hondartzatik atera dituzte. Udaleko teknikariek ia egunero egingo dute lan hori udan, Azti enpresak gomendatuta.
Ez da behin betiko neurria. Irtenbide bat bilatu bitartean, uretara sartu nahi dutenen erosotasuna bermatzeko neurri bat baino ez da. Izan ere, harrien arazoa atzetik dator, eta aurreko urteetan hainbat neurri hartu badira ere, bistakoa da ez direla eraginkorrak izan. Arazoa errotik konponduko duen irtenbide bat bilatu nahi dute, eta, bitartean, korridoreak irekitzen jarraituko dute.
«Harri artean ibiltzea ekiditeko, hondartzaren eskuinaldera joaten da jendea bainua hartzera, Loretope deritzon alderdira». Harri gutxiago daude han. Oscar Urrutikoetxea hondartzako txosnako arduradunaren iritziz, udala «lan asko» egiten ari da, oraindik arazoa konpontzea lortu ez duten arren. Ondarretako pasealekutik begira, nabaria da muga. Harriek marrazten dute, baina baita jendeak ere. Ezkerraldean, harriak dauden lekuan, askoz jende gutxiago ikusten da uretan nahiz paseatzen.
«Aitatxo, hau harriz beteta dago!», esan du haur batek, uretara bidean. Eta ez zaio arrazoirik falta. Udaleko teknikariek irekitako korridoretik doa, baina, hala ere, harri kozkorrek min egiten diote oinetan. Izan ere, harri handienak kendu badituzte ere, oraindik harri txiki asko geratzen dira. Itsasertzean oinez dabilen jendea ere tentuz dabil, behera begira, badaezpada.
Mari Jose Peña sarri joaten da Ondarretako hondartzara, eta begi onez ikusi ditu udalaren lanak. «Badakit ez direla behin betiko neurriak, baina uretarako sarbidea errazteko hartzen duten edozein neurri iruditzen zait ondo». Peñaren esanetan, oztopo handia dira harriak bainua hartu nahi duenarentzat. Eta hondartzaren beste alderaino joatea, berriz, ez da erosoa. «Handik bueltatzen garenerako, berotu gara berriz. Oso urruti geratzen da».
Aurreko neurriak, alferrik
Udalak saio bat baino gehiago egin ditu Ondarretan harriekin dagoen arazoa behin betiko konpontzeko. Azti enpresaren aholkuak jarraitu ditu horretarako, baina, oraingoz, alferrikakoa izan da. Urtetik urtera, harriek agertzen jarraitzen dute. Adituen iritziz, denbora tarte luzea behar da itsasoaren jokaera aztertu eta urtero harriak zergatik agertzen diren ulertzeko. Hori jakin gabe, zaila da irtenbide bat aurkitzea.
Lehendik ere, askotan eraman izan dituzte harriak hondarretatik; kamioikadak. Horrek arazoa konpontzen ez zuela ikusirik, hondartzara harea eramanez ere saiatu ziren. Iazko udazkenean, esaterako, milaka metro kubiko harea eraman zituzten. Maiatzean, berriz, Ondarretako harea mugitu zuten dunperrak erabiliz, harriak azal ez zitezen. Baina harriak azaldu egin dira.
«Dirudienez orain arteko eginahalek ez dute emaitzarik eman. Azkenean, harri guztiak atera beharko dituzte makinekin», azaldu du Urrutikoetxeak. Oraingoz, udalak kamerak jarriko ditu, harearen mugimenduak hobeto aztertu ahal izateko eta gerora zein neurri har daitekeen ikusteko. Bitartean, harri artean irekitako korridoreekin moldatu beharko dute Ondarretara bainua hartzera joaten direnek.
Plaza giro
Aurten ere, harriak nagusi
Donostiako Ondarreta hondartzan bideak ireki dituzte harrien artean, bainua hartu nahi dutenei sarbidea errazteko. Behin-behineko neurria da, arazoari irtenbidea bilatu artean hartua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu