Ausardia ardatz duen abentura

'Cher Ami' animaziozko filma euskaraz emango dute gaur Donostiako Altza auzoko Tomasene kultur etxean

Cher Ami filmaren fotograma bat. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Zinemaz euskaraz gozatzeko aukera eskainiko du gaur Donostiako Altza auzoko Tomasene kultur etxeak, Cher Ami animaziozko filma euskarara bikoiztuta emango baitute. 18:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrera librea izango da, aretoa bete arte. 70 minutuko iraupena du filmak. Lau eta hamar urte bitarteko haurrentzat da.

I. Mundu Gerran girotua dago Miquel Pujol kataluniarrak zuzenduriko filma. Guda Argonneko basora heltzear da 1918ko urrian. Horrek arriskuan jarriko du Cher Ami usoaren eta bere lagunen bizia. Elkarrekin zerbait egitea erabakiko dute guztiek, eta mezulari gisa hasiko dira lanean. Ausardia, laguntasuna, umorea, talde lana eta ametsak betetzeko egin beharreko lana dira sumatu daitezkeen balioak.

Egiazko istorio batean oinarritua dago filma. Cher Ami usoak AEBetako 200 soldaduren bizia salbatu zuen, horiek basoan galduta zeudenean. Gudako Gurutzea, Frantziako garaikur gorena, eman zioten Cher Ami-ri, eta gaur egun Washingtongo Smithsonian museoan lastoztaturik dute.

Bi dimentsioak eta hiru dimentsioak tartekatzen ditu filmak. Aurretik, 10+2. El Gran Secreto animaziozko filma egin zuen Pujolek, eta urte luzez Disneyen marrazkilari moduan egin du lan.

'CHER AMI' FILMA

Noiz. Gaur, 18:00etan.

Non. Donostiako Altza auzoko Tomasene kultur etxean

Sarrera. Doan, aretoa bete arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.