Richard Mills. Autismoan aditua

«Autismoa estereotipoz eta gezurrez beteta dago, eta funtsezkoa da hori aldatzea»

Gautena elkarteak autismoaren inguruko hitzaldi sorta prestatu du udazkenerako. Gaur bertan hasiko da, eta Richard Mills aditu ingelesa izango da Donostiako Kutxa Andia Aretoan (19:30).

BERRIA.
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Autismoaren Elkarte Nazionaleko presidentea da Richard Mills. Bizitza osoa eskaini dio arazo hori aztertzeari.

XXI. mendean gauden arren, autismoa oraindik ere gai lausotua al da alor zientifikoan?

Autismoa deskriba dezakegu eta haren sintomak identifika ditzakegu; horretarako, diagnosi liburuak erabili ohi ditugu medikuok. Baina liburu horiek etengabe berritzen ari dira... Lan asko egin den arren, oso zaila da, egun, patologia hau zehaztasunez definitzea. Gainera desadostasun asko dago, tratamenduen inguruan.

Eta gizarteak? Ba al daki zer den autismoa?

Gezurrez eta estereotipoz josita dagoen gaia da. Jendeak uste du autismoa buruko gaixotasun bat dela, baina ez da egia. Garapen arazo bat da, ez gaixotasuna. Gainera, kasuak elkarren artean oso desberdinak dira.

Hortaz, gizarteak gehiegi orokortu duen gaia dela esan genezake?

Bai. Arazoa guztiz indibiduala da, eta baliteke tratamendua autista batengan eraginkorra izatea, baina bestean ez. Ikuspegiak pertsonala izan behar du, ez taldekoa.

Zein da autistek duten txokoa egungo gizartean?

Erresuma Batuan goraka doa autisten onarpena bizitza sozialean, eta gizarteari eskain diezaioketen laguntzaz ohartzen ari dira apurka. Lan asko egin dugu, eta emaitzak azaleratzen ari dira. Aldaketa handia dago, hamar urte atzera eginez gero.

Baina, dena den, gizartearen babesa sentitzen al du autistak?

Ez. Garapen handia egon den arren, gizarteak asko du egiteko oraindik. Erakundeekin berdin gertatzen da. Gobernuek ez diote nahiko arreta eskaini autistei, eta ez dute nahikoa egin arazoak konpontzeko, hala nola langabezia, estresa edo integrazio soziala.

Zer egin daiteke autista baten barnea ulertzeko?

Oro har, hiru aspektu errespetatu behar dira. Lehenik, autistek komunikazio zuzen eta zehatza behar dute gauzak ulertzeko. Alegia, «bai ala ez» aukera, askoz hobea da «ez dakit», «seguruenik» edo «beharbada» esatea baino. Bestalde, pentsamendu autista ulerkortasunetik aztertu behar da, egoera sozialaren arabera, autistaren erantzuna ezberdina delako. Guretzat pertsona bati autobuseko eserlekua uztea gauza erraza da, baina autistarentzat ulertezina izan daiteke. Azkenik, aukera eskaintzea funtsezkoa da, bestela asko estresatu daitezke.

Zein izan ohi da familiaren zeregina?

Senideak funtsezkoak dira denontzat. Autistentzat, bereziki, baina baita guretzat ere. Haiek gabe ez dago lan egiterik,ezin hobeto ezagutzen baitute autista.

Eta zuen lana familiei dagokienez?

Ahalik eta babes eta baliabide gehien eskaintzen saiatzea. Autistaren epe bakoitzean lagundu behar zaio familiari: haurtzaroan, gaztaroan eta heldutasunean.

Zein da gizarteak duen erronka nagusia, autismoari dagokionez?

Oreka bilatzea. Autismoa duten lagunek aitorpen sendoa behar dute esparru sozial guztietan, eta,bestalde, gizarteari onurak emateko baliabideak eskaini behar zaizkie. Azken finean, agintari politikoek oraindik ez dutelako onartzen ahulak direla, buruko gaixotasunak izan ditzaketela, edo baztertuak izan daitezkeela.

Oreka hori lor daitekeela uste duzu?

Bai. Asko dugu egiteko, baina garapenean sinisten dut. Euskalerakundeak eredugarriak dira, eta halako harremanez baliatu behar dugu aurre egiteko, arazoa denena delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.