Gidariek, toki bat harrapatzeko, gorriak ikusten dituzte. Aparkalekuko geziek esanahia galdu dute. Okerreko bidetik sartzen denak jai dauka, atzera egiteko maniobretan denbora baliotsua galtzen baitu. Hurkoarekiko elkartasuna ez dago modan, ez behintzat bolantea helduta daukagunean. Autoa uzteko, bizkorrena izan behar da, ez dago beste araurik. Horrelakoa da egoera Gasteizko San Martin auzoan hango aparkalekuko 628 lekuetatik erdiak hesitu dituztenetik.
Udalaren bulego berriak eraikitzeko lanetan astebete pasa daramate langileek. Javier Maroto alkatea hondeagailuen ondoan erretratatu zutenetik, zorua altxatu dute eta azpiko hondarra bistan utzi. Martxan da 2014rako funtzionarioentzako lantokia eta herritarrentzako arreta gunea izango den sei solairuko eraikina. Lanak espero bezain azkar badoaz, maiatzean autoek toki bakarra ere ez dute izango. Beraz, aldi baterako, 628 aparkalekuko eremuan ez da autoen arrastorik izango. Behin eraikina amaitutakoan, berriz egokituko dituzte autoentzako tokiak: lur azpian, 500 inguru, eta lur azalean, 157. Hori bai, orain arte ez bezala, denak, ordaindu beharrekoak.
Aparkaleku berriak jartzen dituzten arte ez da giro izango San Martinen. «Urteak daramatzat autoa hemen uzten, eta beti izan dut tokia aukeran. Orain, inoiz baino lehenago etortzen naiz, lekurik ken ez diezadaten», dio Ruben Langarikak, inguruko denda baten jabeak. 09:00 aldean utzi du autoa dendariak. Ordubete geroago, oraindik dozenaka auto ari dira aparkalekuan sartzen, baina sartu diren leku beretik alde egiten dute gidari gehienek, ezusterik ezean. Auzokideen leihoetatik begiratuz gero, inurritegia dirudi aparkalekuak; gidariak nora ezean dabiltza, soinean daramaten zama bazterrean uzteko premia biziz.
Beste modu batean esanda, Gasteiz etorbidearen inguruetara egunero autoz joan behar dutenentzako oasia ia erabat idortuta dago. Orain, inguruko kale estuetara zabaldu da tokia aurkitzeko abentura. Bizilagunek diote inoiz baino auto gehiago dabilela, baina oker daude. Orain bi aste bezainbeste dabiltza. Gauza da autoa uztea zaildu denez jirabiran ibiltzen direla norbaitek lekua libre utzi arte. Bizilagunek ez dute begi onez ikusi aparkaleku erabilgarria kendu izana. Maria Luisa Sanz aparkalekutik gertu-gertu bizi da: «Hemendik aurrera ez dut pentsatu ere egingo; garajean utziko dut autoa eta kito».
Baina ez da dena eragozpena eta kexa. Badira inguruetan aparkalekuaren anabasan izan ordez beste nonbait dutenak burua. Felix Uriarte taberna baten jabea da, eta lanak noiz bukatuko irrikan dago. «Aspalditik gaude bulegoen zain. Ea dena behar bezala doan eta 2014rako funtzionarioz betea dugun taberna, kar, kar, kar», azaldu du umoretsu, baina gaur egungo kinka larriaz kezkati aldi berean. Logikoa da pentsatzea oraindik inguruan dauden dozenaka lokal hutsetan negozioak sortuko dituztela datozen bi urteetan. «Etxepeko taberna zeraman emakumeari alokairua eten diote. Orain, jabeak berak nahi dio etekina atera», azaldu du Iñigo Perez de Arenazak bizilagunak. Txanponak bi alde ditu horrelakoetan ere.
Autoa uzteak dakarren buruhaustea saihestu nahi duenak badu aukera bat. Europako Hiriburu Berdea izenetik izanera eramatea, halabeharrez bada ere. Bizikleta eta garraio publikoa erabiltzen hasteko aitzakia egokia da.
Plaza giro
Autoa zama bihurtu da
Gasteizko San Martin auzoko aparkalekuaren erdia hesitu egin dute, udal bulegoen lanak hasteko. Autoarentzako tokia aurkitzea lan zaila izango da aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu