Maratila. Santi Leone

Autocefalia

2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Gure etxetik eskola bat ageri da, gure atetik bortz minutura edo. Semea, halere, bertze auzo bateko eskola batera igortzen dugu, etxe ondokoan ez baitute D eredua. Horrek hogei minutu lehenago itzarri, gosaldu eta abiatzera behartzen gaitu, goizero. Euskaraz ikasteak, beraz, militantzia ttiki bat eskatzen digu. Gure kasuan, hogei minutukoa. Egunero. Ez da hain dramatikoa.

Duela bi aste, Itsasaldeko Nafarroaren teorizatzaileak adierazi zuen euskarak ez duela lehentasunik Askatasunera Doan Bidean. Are gehiago, haren ustez, hizkuntzaren nazionalismoak «autozefalia kulturalera» eramanen gintuzke (hori zernahi delarik ere), eta horrek etsaiari baizik ez lioke mesede eginen, honek kulturaren aldarrikapena bere alde erabiltzen ahal baitu. Errate baterako, agintariek aski lukete D eredua gure auzora ekartzea, horrela, nire aldarrikapena asebeteta, euskaldunon mendekotasuna berresteko.

Adibideak bi gauza frogatzen ditu. Alde batetik, argi erraten ahal dela —nahi izanez gero—, pentsalari sakonak ilun erran zuena. Eta, bertzetik, bakarrak direla erdara hutsean pentsatu eta bizitzearen abantailak. Konparaziorako, zure aldarrikapenek ez dute inoiz inolako mendekotasunik berresten.

Nik, baina, bertzeak bertze euskaraz eroso bizi ahal izateko nahiko nuke independentzia, ez Antso Nagusiaren lurralde historikoa berriro osatzeko. Izan ere, bigarren mailako herritarra izatekotan, Espainian nahiago baitut izan, Nafarroa Osoan baino.

Susmoa baitut politikoki nafar diren guztiak bilduko lituzkeen eskualde horretan ere ez luketela La Navarra Marítima euskaratuko. Zertarako, bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.