Villabona
Amasa ezin daiteke albo batera utzi Villabona (Gipuzkoa) aipatzerakoan. Ez bakarrik herriko auzo bat delako. Amasatik bertatik sortu zen Villabona, herritarren beharrizanek menditik behera jaistera behartu zietenean. Herria ezagutzeko ibilbidea hortik hastea aukera ona litzateke. Jesusen Bihotza elizaren ondoko aldapatik gora, kilometro inguruko ibilbidea dago Amasara heldu bitartean. Autoz igotzea aproposagoa da oinez igotzea baino, eta Villabonaren eta ingurukoaren ikuspegiaz goza daiteke bidean. Txalet ugari aurki daitezke aldapan gora, baita behin Amasara ailegatuta ere. Pilotalekua, Tourseko San Martin parrokia eta Gurutze Santuaren ermita dira Amasa auzoan ikusteko moduko tokiak.
Paseotxo bat eman ondoren, mendian behera jaits daiteke, antzinako herritarrek egin zuten moduan. Eta hor itxarongo du bisitaria Jesusen Bihotzaren elizak. Kolore horixka du, eta XX. mendekoa da. Eraikin berriak zaharragoekin nahasten dira Villabonan; horren adibide da elizaren parean dagoen Mintzola ahozko lantegia, duela hiru urte eraikia. Eliza parez pare izanda, ezkerraldera joatea komeni da Villabonako erdigunea ezagutzeko. Kale Berriarekin egingo du topo horrantz doanak. Kale luzea eta dendaz betea da, autoak ere igarotzen dira bertatik. Alde Zaharrean murgildu nahi izanez gero, Kale Berritik udaletxeko plazara doan kalea hartzea izan daiteke aukeretako bat.
Metalezko oinarria eta beirazko teilatua dituen arkupe moderno baten atzean udaletxea dago, XIX. mendekoa. Erreboteko plaza du izena udaletxearen plazak; Villabona berezi egiten duen ikurretako bat da. Errebote pilota jokoan aritzeko plaza mantentzen du herriak, eta Gipuzkoako herrien artean Villabonak etaZubietak (Donostia) besterik ez dute horrelakorik. Baina herriko festetan biltzen du plazak jende gehien. Uztailaren 25ean ospatzen dituzte santioak herrian. Kale Nagusia ere jendez betetzen da orduan, udaletxeko plazaren alboko kalea. Harrizko etxeak eta etxe koloretsuak tartekatzen dira hor; kultur etxea ere aurki daiteke Alde Zaharreko Kale Nagusian.
Udaletxearen atzealdeak Oria ibaiarekin egiten du topo. Burdinazko zubi batetik ibaia zeharkatu daiteke, baina hortik igaroz gero, Villabonan egoteari utziko dio bisitariak: Oria ibaiak Zizurkil herritik banatzen du Villabona. Dena den, jatorrizko zubia udaletxearen alboan dagoen hortatik gertu dago. Kontrastez beteriko ikuspegia topa daiteke antzinako zubitik: uraren urdinak, inguruko mendien berdeak eta industrien tximinietako ke grisak koloreztatzen dute herriaren margolana.
Auzo bihurtutako herria
Erreboteko plaza, Jesusen Bihotza eliza eta Amasa auzoa dira bisitatzeko lekurik aipagarrienak. Ibaiak, mendiek eta industriak bat egiten dute bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu