Iruñeko baratzea izan da mendeetan Arantzadi, Arrotxapea eta Txantrea auzoen artean dagoen parkea. Hortik ateratako barazkiak izan dira hainbat iruindarren otordu, baina hori erabat alda daiteke udalak parkerako duen asmoa betetzen badu. Orain arteko ortuak kendu eta naturaren interpretazio zentro bat jarri nahi du bertan. Baratzeak orain bezala mantentzeko eskatu du Arantzadi Auzolanean taldeak, eta Aldaia etxe ondoko baratzea lantzen hasi dira.
85.000 metro koadroko eremuan eragitea da udalaren planaren asmoa, eta, egun dauden baratzeen ordez, lorategiak eta zuhaiztiak jartzea. Baina berdegunea ez eze, porlana ere ez da faltako parkean. Egitasmoaren arabera, eraikin berriak altxatuko dituzte parkean: barazkigintzaren interpretazio zentro bat eraikiko dute, horretarako dauden baratzeak suntsituz, eta bi aparkaleku handi eta bi noranzkoko errepide bat ere eginen dute.
Guztientzako baratzea
Baina inguruko jende asko ez dator bat udalaren asmoarekin, eta Arantzadi iruindar ororena dela aldarrikatu nahi dute. Horien lekukoa hartu du Arantzadi Auzolanean taldeak, eta ortuak auzolanean lantzeari egin dio. Astebete daramate Arantzadiko ortuan lanean. «Onartezina da hemengo baratzeak diru truke porlanez estaltzea», esan du Eider Larripa Arantzadi Auzolanean taldeko kideak. Horregatik, joan den larunbataz geroztik, parkean Aldaia etxe ondoan hutsik dauden lurrak lantzen hasi dira. Lurrak landu eta ateratzen dituzten barazkiak beharra dutenei ematea dute helburu. «Lurrok beti elikatu izan dituzte Iruñeko bizilagunak. Egun, krisiarekin, familia askok behar handiak dituzte. Horregatik, hemendik ateratzen diren fruituak gizarte jantokietara eramanen ditugu», dio Larripak.
Aitzurrak eskuan, astalikardoak, metro erdiko luzera hartu duten belar txarrak eta sastraka kentzen ari dira hamar bat lagun egunotan Arantzadin. Belar txarrek eta sasiak hartutako Aldaia etxe ondoko baratzea moldatzen ari dira. Goizeko zazpietan hasten dira lanean, eta eguerdi aldera gelditzen dira. «Goiz hasten gara lanean egunotako bero handia ekiditeko». Arratsaldean, berriro ere, seiak aldera itzultzen dira lanera. Behin lurra garbituta, baratzea landatzen hasiko dira. Ortu ederra egiteko asmoa dute: 4.000 porru, tomateak, kuiatxoak, kuiak, letxugak... «Denetarik jartzeko asmoa dugu».
Aitzurrik gabe
Baina Aldaia etxe ondoko lurrak lantzen hasi zirenetik, udalak traba besterik ez die jarri. Udaltzaingoa egunero joaten zaie kargu hartzera. Herenegun, lurra belar txarrez garbitzeko erabiltzen ari ziren hamar aitzurrak kendu zizkieten, eta oraindik ez dizkiete itzuli. «Ez gaituzte pakean uzten. Hemendik aterarazi gaituzte eguna joan eguna etorri». Polizia etxera joan dira aitzurrak eskatzera. Eskaera orria bete duten arren, ez dute erantzunik jaso. «Polizia etxera joan ginen. Astalikardu saski bat utzi genien, ea trukean aitzurrak ematen zizkiguten, baina alperrik», dio umoretsu.
Aldaia etxea ere zigilatu egin die Udaltzaingoak. Hor lanerako erabiltzen dituzten nekazaritza tresnak gordetzen dituzte, eta otorduak ere bai. «Etxea udalarena dela esan digu Udaltzaingoak, eta sarrera debekatu digu». Are gehiago, etxea gaur botako dutela jakinarazi die Udaltzaingoak.Traba guztien gainetik hor jarraituko dutela dio Larripak. «Porlana botako dute parke bat egiteko. Baratzeak izorratuko dituzte baratzeen museoa eraikitzeko. Herriaren lurrak herriak landu behar ditu, eta guztion eskubidea da lurrok landatzeko aukera izatea».
Auzolanean landutako ortua
Iruñeko Arantzadiko baratzeak leheneratu nahi ditu Arantzadi Auzolanean taldeak, baina lanean hasi zirenetik, udalak trabak besterik ez die jarri; herenegun, aitzurrak kendu zizkieten udaltzainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu