Ezarian. Zientzia

Azalpen deserosoa

'Homo sapiens'-ak galarazi zuen 'Homo neanderthalensis' espezie gisa, Martinez-Navarro eta Hortola Kataluniako ikertzaileek garatutako hipotesi baten arabera. Gizaki modernoak neanderthala ehizatu zuen, jateko edo lehiakide haragijale bat ezabatzeko.

xabier martin
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Homo Neanderthalensis-en galera azalduko luketen hipotesien eztabaida aspaldikoa da zientzialarien artean. Inork gutxik jartzen du ezbaian Homo sapiens-ek eragina izan zutela, baina eragin horren mailaren inguruan, ordea, ez dago adostasunik; batzuek erabatekoa izan zela diote, eta beste batzuek, aldiz, ukatu egiten dute gehiegizko ardura. Gizarte Eboluzio eta Giza Paleontologiaren Kataluniako Institutuko bi ikertzailek euren hipotesia argitaratu berri dute Quaternary International aldizkarian, eta gaiaren inguruan adituek erakusten duten zuhurtzi handia baztertuz, Homo sapiens-ari egozten diote zuzenean neanderthalen galera: haren jarduerak hil zituen etengabe neanderthal banakoak, espeziearen ordezkari guztiak galdu arte. Bienvenido Martinez-Navarro paleontologoak eta Policarp Hortola biologoak diotenez, gizaki modernoak urte askoan egindako ehizaren ondorioz galdu zen Homo neanderthalensis.

Azken batean, Martinez-Navarro eta Hortola bikoteak planteatzen du neanderthalak ehizaki izan zirela gizaki modernoentzat, beste animalia askoren antzera. «Jateko edo lehiakide haragijale bat ezabatzeko» hilko zituzten. Hortaz, Kuaternarioko hainbat eta hainbat animaliarekin gertatu zena neanderthalekin ere gertatu zen: Homo sapiens-en gehiegizko ehizarengatik galdu zirela. Mamuta, errinozero iletsua eta beste ugaztun handi asko galdu ziren moduan galdu zen Homo neanderthalensis. Hala azaltzen dute hipotesi ausart honen bi egileek.

Haragijaleen lehiaketa ekologikoaren ikuspuntutik, lehiakide bat hiltzeak bi abantaila dituela diote. Batetik, haren haragia jan zein ez, zenbat eta lehiakide gutxiago egon, orduan eta harrapakin gehiago egongo da; eta, bestetik, zenbat eta harrapakingehiago eskura izan —neanderthalak ere kategoria horretan sarturik—, orduan eta lehiakide gutxiago egongo dira. Homo sapiens-en jarrera hori ez da gizakiarena bakarrik; ugaztun haragijaleen artean ohikoa dela diote ikertzaileek, bi espezie lehian sartzen direnean behintzat. «Bakarrak gara espezie gisa, baina ez gaude naturatik kanpo», diote.

Hedatze geografiko azkarra

Dena den, Homo neanderthalensis zergatik galdu zen azalduko lukeen hipotesi bat baino ez da Martinez-Navarro eta Hortolaren proposamena, neanderthalen eta anatomia mailako gizaki modernoaren arteko lehia frogatzeke baitago. Egile biek diotenez, ordea, ematen du oso bizia izan zela Homo sapiens-en hedatze geografikoa, eta horrek lehia eragin zuela neanderthalekin. Hala, bizirik irauteko lasterketa horrek eraman zuen Homo neanderthalensis bere amaierara.

Kataluniako institutuko ikertzaileek Grotta del Cavallo (Italiako hegoaldea) aztarnategiko datatzeak baliatzen dituzte, Europan gizaki modernoa neanderthalen lurraldeetan modu azkarrean hedatu zela esateko. Ikertzaileen ustez, baliabideak lortzeko bi espezieen arteko lehiaren arrastoak eskaintzen ditu Mezzena Riparo eta Grotta di Fumane arteko inguruak. Grotta del Cavallon orain dela 43.000 eta 45.000 urte arteko hortzak aurkitu dituzte, Homo sapiens-enak. Aztarnategia neanderthalei egotzi zieten aspaldian, baina datatze horiek berretsiko balira, milaka urte batzuk aurreratu beharko litzateke gizaki modernoaren etorrera Europara.

Beraz, ugaztun handi batzuk —mamutak, errinozero iletsuak, hartz eta orein erraldoiak eta beste hainbat— galdu ziren bezala galdu zen Homo neanderthalensis. Espezie horiek ugaltze tasa txikia dute, eta teknologia aurreratuko ehiztari kanpotar eta ahaltsu baten jardueraren eraginari ezin izan zioten aurre egin. Martinez-Navarro eta Hortolaren ustez, Homo sapiens-ak galarazi zuen Homo neanderthalensis, bere ehiza jarduerarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.