Sanferminak Iruñean. Laugarren entzierroa

Azkarra baina erorikoekin

Ziztu bizian korritu dute entzierroa El Pilar ganadutegiko zezenek; orain arteko entzierrorik azkarrena eta lasaiena izan daInor ez dute adarkatu, baina bost lasterkari eraman dituzte erietxera, kolpeak hartuta

Azkarra baina erorikoekin.
Iruñea
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Motza eta azkarra izan zen atzoko entzierroa. Zezenak El Pilar ganadutegikoak ziren (Salamanca, Espania), eta joaldunak haiei ezin jarraituz ibili ziren bide osoan. Adardunak hain bizi ibili ziren, ezen eroriko franko egon baitziren. Hori dela eta, bost lagun eraman zituzten erietxera, guztiek kolpeak zituztela. Gaztaina koloreko bi zezenek aurrea hartu zioten taldeari Mercaderes kalean. Harrezkero, buruan joan ziren plazaraino, maiz bidean harrapatzen zituzten lasterkariak hankapetuz edota joz.

Adardunak baturik eta joaldunak aurrean zituztela hasi zen entzierroa. Santo Domingoko aldapa elkarturik igo zuen sailak. Erritmo bizi-bizia zeramaten animaliek, eta taldea asko luzatu zen. Aldapa horretan izan ziren lehen kolpeak eta erorikoak. Udaletxe plazara iritsi zirenerako gaztaina koloreko bi zezenek hartu zuten taldearen gidaritza, Bastardino eta Mirabajo izenekoek. Bidearen erditik zihoazen, inori ekin gabe, bizi. Adardunak baturik iritsi ziren Mercaderes eta Estafeta kaleak batzen dituen bihurguneraino. Ordurako ilaran, bata bestearen atzetik zihoazen zezenak, eta taldearen atzealdean joaldunak.

Taldeak arazorik gabe iragan zuen bihurgunea, eta ziztu bizian sartu zen Estafeta kalean. Kale horren hasieran, Bastardino-k aurrea hartu zien anaiei. Bizi-bizi zihoan arren, ez zion inoren kontra ekin, eta lasterkariek korrikaldi politak egiteko aukera izan zuten. Gauza bera gertatu zen atzetik zetozen adardunekin. Zintzo jokatu zuten, eta lurrera erortzen ziren korrikalariak hankapetu besterik ez zuen egin. Taldea erabat luzaturik sartu zen plazara, eta zuzenean ukuilura joan zen.

Bost lagun eraman zituzten erietxera, guztiak kolpeak hartuta. Mercaderes kalean, bi gizon jo zituzten adardunek. Batak kolpea du orkatilan, eta besteak, eskuineko bizkarrean. Estafetan jotako hiru lagunetatik bik kolpeak dituzte bizkarrean eta belaunean. Besteak, berriz, trauma bat du garezurran, eta behaketa pean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.