Azken hamar urteetako besten artean, hiru hoberenen artean sartu ditu aurtengoak besten antolaketaz arduratzen den batzordeko presidente Henri Lauquek. Eguraldiak anitz lagundu duela azaldu du, eta 2011ko bestak, haren ustez, «sekulakoak» izan dira. «Izpiritua miragarria izan da, umore ona nagusi, eta laguntasun handia sentitu da». Eguneko giroa gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari delako ere pozik dago presidentea. Aldaketen artean, behin baino gehiagotan erabil daitekeen Baso Berria ekimena azimarratu du. Ostatu guztietan nagusitu da. Horri esker karrikak anitzez garbiagoak ziren.
Gauen aldetik, ostiralekoa eta larunbatekoa izan dira jendetsuenak. Arazo larrienak ere orduan gertatu dira. Bi bortxaketa salaketa ostiral gauari lotuak dira. Heriotzarik ez da gertatu, aldiz, besta hauetan. Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak adierazi duenez nehork ez du salaketarik pausatu hiltze saio, arrobatze edo gisa bereko arazoengatik. 150 bat ebaste salaketa zenbatu dituzte, bereziki sakelako telefonoenak. Hiru pertsona larriki kolpatu dira, baina beren bizia ez da arriskuan. Bat harresitik erori da, zazpi metrotik, eta zangoan eta begitartean hausturak izan ditu. Beste kolpatua, behi lasterketan gertatua da. Behi batek harrapatu du. Oraindik erietxean da, baina zauria gainditua du. Azkenak burmuineko trauma bat du, baina ez dakite nola gertatu den, Laurent Nuñez Baionako suprefetak azaldu duenez. Oro har bi gau horietan 400 eta 500 esku hartze izan dira, gehienak erortzeak, 200 bat, ondotik arazo etilikoak, 100 bat, eta azkenik borrokak, 50 bat banaz beste.
Azken urteotako onenen artean sartu dituzte aurtengo Baionako bestak
Bi bortxaketa salaketa izan direla azpimarratu badute ere, oro har, bestetako giroa «sekulakoa» izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu