Zortzigarren eta azken entzierroan gozatzeko aukera izan zen. Herenegun gertatu bezala, jende gutxiago zegoen ibilbideko izkinetan pilatuta, eta korrikalari kopurua ere txikiagoa zen. Ondorioz, korrikaldi politak ikusi ahal izan ziren. Entzierroa oso azkarra izan zen. Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek bi minutu eta hemezortzi segundo besterik ez zuten behar izan zezen-plazako ukuilura iristeko.
Santo Domingoko aldapan sei zezenak joaldunekin batera irten ziren. Baina Encumbrado izeneko zezen beltzak korrikaldia azkartu zuen. Hala, segituan joaldunei eta gainontzeko zezenei tarte handia atera zien. Lehen zezena bakar-bakarrik igaro zen Udaletxeko plazatik, eta segundo batzuetara tropela, joaldunak aurretik zirela. Entzierroaren azkartasunarengatik, korrikalari bat baino gehiago ezustean harrapatu zituzten adardunek. Izan ere, lehen postuan zihoan zezenaren abiaduraren ondorioz, korrikalari bat erori zen, eta hormaren aurka bota zuen. Hala ere, ez zion adarrik sartu.
Gainontzekoak Estafetara iritsi zirenean, tentsio momentua sortu zen. Izan ere, kalearen eskuinaldean korrikalariak pilatu ziren. Eta tropela ezkerreko aldetik igaro zenean, hainbat lagun aurkitu zituen lurrean erorita, eta horien gainetik igaro behar izan zuten, hainbat korrikalari azpian harrapatuz. Korrikaldi politak ikusi ahal izan ziren bai Estafetan bai Telefonican. Erritmo azkarraren ondorioz, korrika egitea zaila izan zen. Zezen-plazara sartzeko kailejoian zezen batek tupust egin zuen pilaketa batean. Dena dela, zezenak altxatzeko segundu batzuk igaro behar izan zituen arriskua uxatuz.
Lau korrikalari eraman behar izan zituzten osasun zerbitzuek ospitalera. Bi Nafarroako ospitalean artatu zituzten, eta beste bi Bideko Ama ospitalean. Bestalde, herenegun adarkadaz zauritu ziren bi lagunak larri daude, baina egonkor.
Azkena ere azkarra
Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenen entzierroan, hausturen eta kolpeen eraginez lau lagun eraman dituzte ospitalera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu