Azoka egun batean...

Gernikako bonbardaketaren 75. urtemuga dela eta, Donostiako Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean gertaerari buruzko erakusketa bat jarri dute, maiatzaren 3 arte.

Gernikako bonbardaketaren ikuspegi historikoa eskaintzen du erakusketak. ANDONI CANELLADA/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Apirilaren 26an izan zen, orain 75 urte. Andre Maria elizako kanpai hotsen abisuak astindu zuen astelehen hartan gernikarren egunerokoa. Durangon hilabete eskas gertatutako bonbardaketaren berri bazuten gernikarrek, eta azoka eguneko zereginak alde batera utzi, eta babeslekuetan ezkutatu ziren. Ezer gutxirako balio izan zuen, ordea. Tropa frankisten agindupean, Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako aireko armadak ez zuten errukirik izan, eta Gernika mundu osoan tristeki ezaguna egin duen sarraskia gauzatu zuten.

Gernikako bonbardaketaren 75. urtemuga gogoratzeko, Donostiako Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeak Gernikako Bonbardaketa. 1937ko apirilaren 26a erakusketa jarri du martxan. Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak eta Gernikaren bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentroak prestatu dute erakusketa. Maiatzaren 3ra arte egongo da ikusgai. Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00 arte bisita daiteke.

Euskal Herriko historiaren gertakariri lazgarrienetakotzat jotzen dute Gernikako bonbardaketa. Hemezortzi panelen bitartez, zorigaiztoko egun horren xehetasunak ez ezik, 1936ko gerraren testuinguru historikoa eta sarraskiaren ondoko gertaera eta ondorioen berri ere jaso dezake bisitariak. Alderdi politiko, sozial, kultural eta ekonomikoak jorratzen ditu erakusketak.

Lau zati nagusitan banatu dute. Batetik, gerra aurreko Espainiaren egoera kontatzen da. Jarraian, uztailaren 18ko altxamendua eta 1936ko gerraren hastapena azaltzen da.

Gernikako bonbardaketari buruzko atalak hartzen ditu panel gehien. Bizirik atera zirenen testigantzak, ekintza militarri buruzko xehetasunak, parte hartu zuten gerrako hegazkin kopurua eta modeloak, biktima kopurua, erori ziren eraikinak... Egun hartan gertatu zena zehaztasunez jakin ahal izango du bisitariak. Gertaerak Europako prentsanoihartzun handia izan zuen, nahiz eta frankistek bonbardaketa zuritzeko ahalegin ugari egin.

Hurrengo atala adiskidetzeari buruzkoa da. Alemaniako presidente Roman Herzogek gernikarrei idatziriko eskutitza azaltzen da. 1989. urteko eskutitz hark, sarraskian Alemaniak izandako parte hartzea onartu, eta adiskidetzearen bidea hartzeko proposamena egiten du. Hala ere, ibilbide luzea dago egiteke oraindik alor horretan.

Azkenik, Pablo Picassoren Gernika margolanari buruzko panela aurkituko du bisitariak. Parisen zabalduko zen Nazioarteko Erakusketan parte hartzeko eskatu zion Errepublikako Gobernuak Malagako artistari. Horrela sortu zuen Picassok apirilaren 26 gris hura islatzen duen horma irudi handia.

Gertaeraren kontaketa osatzeko, Euskal Filmotekak emandako lan dokumental batzuk eskainiko dira, Gernika izenburupeko animaziozko film laburrarekin batera.

Argibideko testuak lau hizkuntzatan daude: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Garai hartako argazki, egunkarietako azal, mapa eta beste ilustrazioak txertatu dituzte paneletan.

Lehenengo erabateko gerra saiotzat jotzen da Gernikako bonbardaketa. Herria guztiz suntsitu zuten. Frankismoan ere gernikarrek errepresio ideologiko eta kultural zorrotza jasan bazuten ere, euskal askatasunaren ikur izaten jarraitu zuen. Gaur egun arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.