Milaka lagunen ilarak festaz jantzi zuen Abadiñoko San Blas eguneko azoka, atzo. Bisitari bakoitzak janariz betetako poltsa eramanik, inurritegi ziruditen herriko kaleek. Baserrian landatzeko zuhaitza erosi berri zuen adineko bikotea, eskumuturrean heliozko puztukia loturik zuen umea...Trikiti doinuak bezala, erroskilla zuriak eta bedeinkatutako sokak erostea ere ohitura da azoka horretan; atzo, jendearen joan-etorriak ez zuen etenik izan goiz osoan.
Herriko hainbat eremutan kokatu zituzten postuak; besteak beste, nekazaritza produktuen gunea, traktoreen erakusketa, abereen eremua, Euskal Herriko eskulangileen azoka eta txosna gunea jarri zituzten.
Larruzko zapatak egiten dituzten Iruñeko eskulangileek hamalau urte daramatzate San Blas egunez Abadiño bisitatzen. Bezero finkoak dituztela diote, batez ere, Gipuzkoa eta Bizkaikoa: «Iaz zapatak erosi zituen batek gaur botak eraman ditu», esan zuen eskulangile batek.
Gazte zein heldu, gutxik eutsi zioten sagardoa edo txakolina eskuan taloa jateko tentazioari. Garazi Irazabal ugaoarrak (Bizkaia), iazko giroak atentzioa emanda, berriro etortzea erabaki du: «Iaz azterketetan geundenez etorri eta buelta bat baino ez genuen eman. Aurten, azoka eta animaliak ikusi eta parrandan geratzeko etorri gara».
Daniel du Puy baigorriarrak (Nafarroa Beherea), berriz, ahate gibelez egindako patea piku marmeladarekin saltzeko egin du bi orduko bidea. «Hirugarren urtea dut hona jiten girela, bezeroak ditut hemen, diru ona», dio.
Joseba Muñoz aiararra (Araba) nekazaria da. Noiz edo noiz azokak ikustera joatea gustatzen zaio. Abadiñoko abere ferian, baina, ganadu falta sumatu du: «Laburra iruditu zait, abere gutxi zeudela. Zaldi gehiago espero nituen. Lau idi bikote baino ez dira egon». Ikusitako behiekin, ordea, gustura geratu da. «Arraza asko egon dira, baita betizuak eta ahuntzak ere». Azoketan, oro har, ez du uste generoa aldatu denik. Bai, ordea, ikuslearen interesa. «Lehen ganadu negozioak egitera etortzen zen jende asko; orain, pintxoak jan eta tragoak edatera». Aldarrikapenik ere ez zen falta izan atzo. Euskal gazteriaren eta askatasunaren aldeko mezuen artean, EHNEk mezu argia zintzilikatu zuen txosnan: Lurra behar dugu, gizarteak behar gaitu.
Gaur eta bihar ere, jaia
Azoka egunaren egitarauari Abadiñoko Gazte Asanbladak eta Txosna Batzordeak emango diote segida asteburuan. Joseba Gonzalez gazte asanbladako kidearen hitzetan, bi hilabete eman dituzte jaiak prestatzen. «Gaur eta bihar gaztetxean eta txosnaguneko karpan kontzertuak egongo dira. San Blas egunean ez dugu ezer egin, jende asko datorrenez indar handia baitu berez egunak». Beste musika talde batzuen artean, Edan eta Tximeletaerromeria taldeek girotuko dute gaurko eta biharko gaua.
Erroskila zuriak eta bedeinkatutako sokak erostea ohitura duen azoka bukatu da. Jaia, ez, ordea. Hargatik, inurrien pare segiko dute lanean antolatzaileek, herriak festaren inurritegi izaten jarrai dezan.
Azoka, festaren inurritegi
Aurten ere milaka lagun bildu ditu Abadiñoko San Blas azokak. Nekazaritza produktuekin, abereekin, bedeinkatutako lokarriekin eta erroskilekin batera, jaia izan da nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu