Izarren moduan egin die harrera Felixi-k hedabideei Leitzako Arro baserrian, Nafarroan. Egun bakarra zuten hedabideek Donostiako San Tomas azokako protagonista ezagutzeko, eta ikusmin handia sortu duzerramak. Kolore argia, bost urte, 350 kilo eta 2,5 metro inguruko luzera du azokako aurtengo ikurrak.
Ordura arte udalak zerriaren inguruko kontuak isilpean gorde ditu, Zinemaldira azken orduan gonbidaturiko izar bat balitz bezala. Ez du Felixi-ren argazkirik argitaratzen utzi, eta animaliaren gaineko ia azalpenik ez du eman.
Alfonbra gorririk ez du Felixi-k ukuiluan, baina atea ireki orduko hasi dira kameren klikak ziztu bizian entzuten. Argazkilari eta telebista kamerarekin aurrez aurre egin du topo zerramak. Ez da askorik arduratu zerria, nonbait ohitua baitago arreta gunea izaten. Kameren aurrean izarrek eduki ohi duten erosotasuna erakutsiz, arin mugitu da kazetarien artetik.
Bere gain hartua du jada erreginaren rola. Arro baserrira ailegatu zenetik, zaintza eta apeta guztiak eskaini dizkiote. «Jana beti edukitzen du sobera», azaldu du Arro baserriko Kristina Saralegik. Saralegitarrek zerriaren ardura hartu zutenetik, gogoz loditu da Felixi. 270 kilo inguru zituela hartu zuen ostatu Arro baserrian. Sagarrak, aza, artoa eta 12 kiloko pentsu garbia da Felixi-ren eguneroko dieta.
Saralegi bera arduratu da Felixi abenduaren 21erako ezin hobeto egoteaz. Egun batzuk falta dira azoka egunerako, eta oraindik beste kilo batzuk har ditzakeela azaldu du hazleak.
Arreta guztien jabe da Felixi. Ez alferrik, San Tomaseko azokako izarra da. Beste zerri bat ere badute baserrian, baina ez dituzte sekula elkarrekin ateratzen zelaira, borrokan has ez daitezen. Ez baita txantxetako lana santomaseko ikurraren ardura izatea.
Izaera «alaia» du Felixi-k, Saralegik adierazi duenez. Nahiz eta irausi egon, ez du jenio txarrik erakusten, eta bizi mugitzen du gorputz pisutsua. Iazko Filemona zerria askoz ere geldoago zela gogoratu du Saralegik. «Ordu erdi behar zuen ukuilutik ateratzeko».
Egun gogorra izango da azoka egunaFelixi-rentzat, geldirik egotea egokituko baitzaio egun osoan. Arreta guztia bereganatuko du Donostian, nola Hollywoodeko izarrak filmaren estreinaldian. Leitzatik 05:00etan aterako dira Donostiara bidean, eta gaualdera arte ez da ailegatuko etxera.
Bien bitartean, baina, gustura dabil Felixi Arro baserrian, aktore mainatu baten gisa. Nahi eran mugitzen da baserriko soroetan. «Libre ibiltzen da. Nahi duenean atera eta sartzen da». Gosedenean, berriz, beti du aska janariz beterik.
Oso gustuko izaten du Felixi-k pasieran ateratzea, eta egunean egiten dituen ateraldi ugarietan ondo lagunduta ibiltzen da. Bixkor zakur jolastia atera ohi zaio korrika atzetik.
Izarrak hazteko tradizioa
Ohitura bihurtu da jada Arro baserrian Donostiako San Tomas azokako zerriaz arduratzea. Badira hamar urte udalak Arro baserrira jotzen duela azokaren ikur bila. «San Tomas hasieran, aita hasi zen zerria azokara eramaten», azaldu du Saralegik. Maiatza aldean hasten dira zerriaz galdezka udaletik. Udalean, badakite izarrak eduki beharreko ezaugarriak: «Emea, eta ahalik eta handiena izan dadila eskatzen dute».
Azokara bidean da 'Felixi'
Beste urte batez, Leitzako Arro baserrian hazi dute Donostiako San Tomas azokan erakutsiko duten zerrama. Kolore argikoa eta alaia, 350 kilo pisatzen du 'Felixi'-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu