Uhartedia hiru multzotan banatzen da: ekialdeko uharteak (Sao Miguel eta Santa Maria); erdialdeko uharteak (Pico, Sao George, Terceira, Graciosa eta Faial); eta mendebaldeko uharteak (Flores eta Corvo), bakartuenak ere bai baitira...
FAIAL, MARINEL GIROKOA. Uharte honek badu bereizgarri bat, alegia -pixka bat goitik jota, agian-jende gehiago iristen dela hona belaontziz, hegazkinez baino. Horren errua, batetik, duen kokapen geografikoari zor zaio, Amerikatik Europako kontinenterako itsasbidearen erdi-erdian baitago; baina, bestetik, baita Peter's Cafe Sport delakoari ere. Garai batean baleazaleen taberna izandako hori kaiaren aurrez aurre dago, eta ezinbesteko geraleku bilakatu da nabigatzaileentzat, bai eta bistarien eta bertako bizilagunen arteko nahitaezko topaleku ere. Bisitatzeko moduko hainbat txoko dira uhartean, hala nola Capelinhos deritzona, zeinean itsas erupzio batek lurraren barrenean erdi hondoratuta utzi baitzuen itsasargia; edo Caldeira kraterra, uhartean hain usuak direnetariko bat. Interesgarria da, bestalde, kaian zehar osteratxo bat egitea eta nabigatzaileek Europarantz itsasoratu hurren margotu ohi dituzten milaka horma irudiren ikusmiran ibiltzea.
TERCEIRA, FESTAZALEA. Terceira uhartea aintzakotzat hartzeko moduko jomuga izango dugu, inondik ere, Azore uharteen alderdi festazaleena ezagutu ahal izateko. Maiatzetik irailera bitartean joanez gero hara, ia ezinbestean fortunatuko zaigu tourada a corda delako jaietakoren bat edo beste. Hala deritzo uharteko festa ospakizun nagusiari: zezen-korrika edo entzierroak dira, zeinean zezenak kalez kale ibiltzen baitira herrietan, artzain batzuek kontrolatzen dituztelarik, ehun metro luze-edo izango den soka bati esker. Terceiratarrek erlijioa bera baino suharrago bizi dute festa hori, kontuan izanik herri ezin erlijiosoago batez ari garela; gertakari sozial handia da, jan-edana eta musika barra-barra izan ohi dituena, negozioetarako aukera aparta eskaini izan duena betidanik, bai eta bikotekidea aurkitzeko edo lagunak egiteko ere.
SAO GEORGE, NATURALA. Batik bat uharte honetan egiten da nabari naturaren agerikotasuna. Berdeak eta beltzak partekatzen dute paisaia: mendien berdeak, batetik, behien bazkaleku diren larrez osaturikoak; eta lurraren beltzak, bestetik, mendez mendeko erupzioen ondorio denak. Luzanga bezain meharra da uhartea, mendi handi bat, zeinean trekking edo mendi ibilaldiak egin ditzakegun, fajas esaten dieten guneetara iritsi artean; itsasoraino heldu ziren laba mihiak dira, urteen joanean herrien kokaleku bilakaturikoak. Eta, ibilaldi ederraren ostean, zer hoberik afari lege on bat baino, uharteko gazta eta Pico uharteko ardoa lagun ditugularik.
PICO, BEGIEN BISTAKOA. Mendi puska ikusgarri hau da (2.351 m) Portugalgo eta mundu osoko mendirik handiena, oinetik, ozeanoaren hondotik neurtzen hasita; inguruan dituen gainerako uharte guztietatik ikus daiteke, askotariko forma, estilo eta koloreko hodeiz herabeki estalita betiere. Erdialdeko zein mendebaldeko gainerako uharteek bezalatsu, iragan baleazalea izan du zeharo Picok ere. Horregatik, gaur egun, balea arrantzarako zerabiltzaten ontziak lehengoratzen ari dira, estropadetarako erabiltzeko asmoz. Gainerako uharteetakoa bezain paisaia zoragarri eta erakargarria ageri du, eta bertako biztanleak ezin abegikorragoak eta bakezaleagoak dira, itxura guztien arabera.
FLORES ETA CORVO, BAKARTIAK. Uharte hauetara iristeko, hegazkina hartu beharra daukagu, zeinak ordubete barru gutxi gorabehera Floreseraino eramango baikaitu. Horixe da biztanlerik gutxien duen uharteetarik bigarrena; ez ditu 4.000 biztanle ere. Corvo dago haren aurretik, 400 biztanle baititu, eta herri bakarra: Vila Nova do Corvo izenekoa, zeinean munduaren azken muturrean bageunde bezala sentituko baikara. Uharteko errepide bakarretik helduko gara caldeira ikusgarrira, zinez merezi duen ikusmira begien gozagarria. Uharte biak dira balea arrantzaleak; makina bat lagunek galdu zuten bizia haiek arrantzatzen. Honela azaldu dit Maria izeneko emakume batek, neba itsasoan hil zitzaionak: «Denak ziren balea arrantzaleak: arotza, maisua, okina... Zelatariek balearen bat begiztatu orduko, esku artean zeudenek uzten zuten orduan esku artean zeukatena, eta kaian elkartzen ziren, lehenbailehen itsasoratzeko asmoz».
SAO MIGUEL, HANDIA. Bisitarik usuen izaten duen uhartea da, eta biztanlerik gehien duena. Hala eta guztiz ere, edertasun natural franko du bazterretan, esate baterako: Lagoa do Fogo edo Caldeira de Sete Cidades delakoa; hain da handia, non herri oso bat hartzen baitu bere barnean, aintzira txikiaren ertzean. Hor, Furnasen, igande pasa egingo dugu Michaelekin eta haren familiakoekin -duela urte gutxi itzuli ziren ostera beren uharte kutunera, 18 urterekin AEBetara emigratu zutenez geroztik-; lurpean egositako eltzekari usadiozkoa jango dugu, sei ordu inguruan sumendiaren berotan egositakoa, aintziraren bazterrean, beste hainbat familia azoretarrekin batean. Eta, eguna burutzeko, bainutxoa Furnas aldeko errekasto bateko ur berotan.
Behin uharteetatik urrundurik, atzera etxera itzulita, orduantxe konturatzen gara zeinen toki berezia osatzen duten hango lur, jende, festa eta natura pusketatxo haiek.
GIDa PraKTIKoa
Nola iritsi
Euskal Herritik ez dago hegaldi zuzenik Azoreetara. Lehenik Lisboaraino joan behar dugu, eta handik Hortara (Faial) edo Ponta Delgadara (Sao Miguel), TAP edo SATA hegazkin konpainiak bitarteko direla.
Behin uharteetan, barne hegaldiak ditu SATAk -multzo batetik bestera joateko-, edo badira ferry zerbitzuak ere.
Ostatalekua
Horta (Faial): Residencia Infante: rua Conselheiro Medeiros, 1. Tel.: (+351) 292-29 28 37
Residencial Sao Francisco: Rua Conselheiro Medeiros, 13. Tel.: (+351) 292-20 09 80. www.residencialsaofrancisco.com
Angra do Heroismo (Terceira): Residencial A Ilha***: Rua Direita, 24. Tel.: (+351) 295-62 81 80
Residencial Monte Brasil ***: Alto das Covas, 8. Tel.: (+351) 292-21 24 40
Flores: Aldeia da Cuada www.aldeiadacuada.com
Hotel ServiFlor **: Bairro Frances (Santa Cruz das Flores). Tel.: (+351) 292-59 24 53
Ponta Delgada (Sao Miguel): Residencial Canadiano**: Rua do Contador, 24A. Tel.: (+351) 296-28 74 21
Pousada da Juventude. Rua Sao Francisco Xaver. Tel.: (+351) 296-62 94 31
Jarduerak
Oinez egitekoak diren ibilaldi politez gain, Azoreetan bada beste jarduera erakargarri bezain xarmagarririk: baleen eta izurdeen begiztatzea. Enpresa ugarik dihardute horretan ia uharte guztietan. Ziurrenik, ordea, Faial, Pico eta Sao Jorge uharteek osaturiko triangelua da horretarako lekurik aproposena.
Hainbat enpresa daude:
Espaço Talassa. Avenida 25 de Abril. Tel.: (+351) 292-67 20 10
http://www.espacotalassa.com
HortaCetaceos. Avenida 25 de Abril. Tel.: (+351) 29239 19 42 http:
//www.hortacetaceos.com