Bada non aukeratu

Sanferminetako kartel lehiaketako finalera iritsi diren zortzi irudien artean hauta dezakete iruindarrek gaurtik aurrera, Internet bidez, telefonoz edo Civivoxetara joanez.

Iruñea
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Bada zer aukeratu Iruñeko aurtengo sanferminetarako finaleko zortzi karteletan. Gaurtik aurrera eta maiatzaren 7ra arte, iruindarrek jaien kartel ofizialerako zein irudi nahi duten aukeratu ahal dute. Botoa emateko hiru bide dituzte: www.pamplona.es webgunean sartu, 010 telefonora deitu eta Iruñean dauden Civivoxetara joan. Bozketan parte hartzeko ezinbestekoa da Nafarroako hiriburuan erroldatua egotea. Zortzi lanak bihartik aurrera eta hilabete bukaera arte Kondestable jauregian izanen dira.

Iruñeko aurtengo sanferminetako kartel ofizialaren lehiaketara aurkeztutako 511 lanetatik zortzi hautatu ditu udalak. Udaleko bost zinegotzik, teknikari batek eta Jorge Fonseca, Eva Ortega eta Fermin Urdanoz diseinatzaile grafikoek osatutakoepaimahaiak zortzi finalistak aukeratzen eman zuen atzoko goiza Ziudadelako Armen aretoan.Epaimahaiaren ustez, lehen galbahea pasatu duten zortzi lanen artean era askotakoak daude.Caravinagre bitan agertzen da; Sanfermin saindua Picassok margotuta dirudien zezen baten gainean ere ikus daiteke; imajinazioa erabilita, ezpain-bihotz-ipurdi hirukotea irudikatzen duena... «Oso ezberdinak dira, eta edonork aurkituko du gustuko baten bat», adierazi dute hiru diseinatzaile grafikoek. Teknikak zein gaiak ere ezberdinak izan dira, eta aurreko urtekoekin konparatuz, kolore gehiago erabili dituzte zortzi finalistek: zuria, gorria eta beltza baztertu gabe, batzuk ausartu dira horia, laranja eta arrosa ere sartzen.

«Maila eskasa»

Ur handitan sartzera ausartu dira hiru diseinatzaile grafikoak, eta lehiaketara aurkeztu diren 511 lanen artean zegoen «maila eskasa» aipatu dute. «Lan askori profesionaltasun falta zaie. Hainbeste lanen artean hainbat maila egotea ohikoa da, baina Nafarroan dauden diseinatzaile grafiko profesionalak aintzat hartuz, profesionalek egindako kartel gutxi aurkitu ditugu», adierazi dute. Joan den urtean baino kartel gutxiago jaso ditu Iruñeko Udalak aurten. Iragan urtean, 557 lan iritsi ziren udalera; aurten, 510. Erdia baino gehiago Nafarroakoak dira: 229; eta horietatik 166 Iruñekoak bertakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.