Eguna aitzinatu arau, berotuz joanen da giroa, 22:00etan eromena zapartatu arte. Urtero bezala, milaka lagunek erantzunen diote gaur Baionako besten hastapena izaten den txupinazorako gomitari. Gaur hasi eta igande gauera arte iraunen duen eromenak karrika izkina guztiak beteko ditu. Oihuak, irri algarak, musika, txarangak, disko jartzaileak, kontzertuak... gaueko isiltasunak burua apaldu, eta harrabotsari utzi beharko dio tokia, bost egunez.
Hasiera ofizialki 22:00etan baldin bada, besta gose, lehenagotik hasiko dira anitz garagardo zein ardo gorri edaten, gaua jin ordurako jantzi zuri-gorriek, zuri gutxi ukanen dutela. Herriko etxeak ere hainbat jarduera ditu finkaturik: urtero bezala, piper moleten munduko txapelketa izanen da 11:00etatik aitzina merkatu estalian. Horrez gain, piragua lehiaketa, bestazaleen lasterketaren heltzea ala paddle board lasterketa, kirolzaleentzat ere izanen da zer ikusi. Baionako Masterseko erdi-finala jokatuko da 19:30ean Moderne trinketean, Waltari Agusti eta Ximun Lambert, Patrick Ibarola eta Patrick Ozafraini lehiatuko direla. Berritasunei begiratuz, borroka lehiaketa izanen da 14:30etik aitzina Chaho Pelletier gunean. Txalaparta doinuek lagundurik, galdu den ohitura hori berriz abiarazi nahi du antolatzaileak, Borroka 64, Luttes et cultures elkarteak.
Ostalariak euri solas
Aste hastapen guztian euri solas zuten Peña eta ostatuen jabeek: «espero atertuko duela», «eguzkia ostegunean agertuko dela diote»... Euripean izan dira muntatze lanetan: kanpoko ostatuak paratzen, musika tresnak kanpoari so finkatzen, alkohol erreserbak metatzen... Eguzki borobil eta beroa ezik, dena prest dute, eta jendeari harrera egiteko heinean dira, guztiak.
Guneka, euskal giroa
Frantziako hamaika hiritarik etorri, zapi gorria erosi eta jantzi, sangria edan eta euskal giroan murgilduta direla usteko dute berriz ere milaka gaztek. Gehienek. Eta ondoan, taberna euskaltzale bakarretan bilduko dira, giro hori jasaiteko zailtasunak dituztenak. Kalostrape AEKren ostatuan, San Andres plazan Seaskak duen lokalean, Patxoki edota Txiriboga gisako elkarteen tabernetan metatuko dira; euskarak ere arnasa hartzen ahalko duela gune horietan.
Karrikaldiak ere ekarriko du euskal giroa bestetara. Bestetan bosgarren urtea du ekimenak. Leinua, Ibaialde, Tuntuna, Orai Bat, Trikili trakala eta Baionako ikastolek antolaturik, egunero bertso, euskal kantu eta dantza gozatzen ahalko dira Baiona Zaharreko Jacques Portes gunean, bestela erranik, Lafayette dendaren parean.
Jaiak. Baiona
Badator eromen zuri-gorria
Milaka lagunek erantzunen diote gaur 22:00etan Baionako besten hastapena izaten den txupinazorako gomitariWaltari eta Lambert, Ibarola eta Ozafrainen aurka ariko dira, gaur, Moderne trinketean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu