Gaueko zerua lainotuta egotea ez da eragozpen haientzat. Izar baten atzetik datoz, eta hodeiek hura ezkutatu arren, badakite modua izarra nondik dabilen jakiteko; ez da harritzekoa, zerbaitetarako dira magoak. Beraz, ez dago kezkarako arrazoirik; ordurako zuzen-zuzen iritsiko dira, urtero bezala, huts egin gabe. Gaur helduko dira; izarrak gurera dakartza Errege Magoak!
Meltxor, Gaspar eta Baltasarren mezulariek aurreratu dutenez, Ekialdeko haien herrietan ez dute krisirik izan, besteak beste, urre, intsentsu eta mirra erreserbak burtsako akzioak baino askoz balio seguruagoak direlako. Imaginazioa eta ilusioa, gainera, ez dira diruz ordaintzen.
Krisirik gabe, ez da harritzekoa Errege Magoen segizioak beti bezain ikusgarriak izatea aurten ere. Gozokiz lepo betetako zakuekin omen datoz,eta guztiak, milaka eta milaka kilo gozoki, beraiei harrera egitera hurbiltzen diren haur eta helduen artean banatuko omen dituzte.
Eta, jakina, nola ez, opariak ere badakartzate. Opariak! Opari mordoa! Opari pila!
Bilbo
Bilboko kaleetan ere gaur izango da magiarik, Errege Magoak ipuinetako hainbat pertsonaia ezagunek lagunduta baitatoz. Desfilea 18:00etan hasiko da, Jesusen Bihotza plazan, eta haiei harrera egitera joaten direnak harrituta uzteko asmoa dute Errege Magoek, sekulako segizioaren iritsiko baitira, izarrari jarraituz. Erregeen aurretik beste hainbat pertsonaia maitagarri joango dira. Herrialde miragarriko Alice, Aladino, Sirenatxoa, Berunezko Soldadua, Hansel eta Gretel anai-arrebak, Pinotxo.... Eta gero, dantzariz inguratuta, Errege Magoak. Meltxorrek Kaukasoko bere izotz jauregia erakutsiko du; Gasparrek, Petrako fatxada ikusgarria; eta Baltasarrek Alexandriako itsasargia. Udaletxera 20:00ak inguruan iritsiko omen dira. Hango balkoitik mezua eskaini eta gero,haurrak hartuko dituzte arabiar aretoan.
Donostia
Bostehundik gora lagunen laguntza izango dute Errege Magoek Donostian egingo duten desfilean. Aurretik, udaletxean 15:30etik 17:30era harrera egingo diete haurrei, haien azken orduko eskakizunak entzuteko, eta haien portaeraren azken txostenak jasotzeko (gozoki bereziak ere banatuko omen dituzte han, diabetesa dunentzat egokiak). 18:00etan hasiko dute desfilea, eta hiru erregeak gamelu banatan ibiliko dira. Opariak? Karroza ikusgarrietan.
Gasteiz
Goizean helduko dira Errege Magoak Gasteizera. Urtero bezala, trena aukeratu dute bertara heltzeko, eta Renfeko geltokira 11:00etan iritsiko dira. Goiuri jauregian, 12:15etatik 18:00etara, haurrei harrera egingo diete, eta gero desfilea, 19:00etan.
Iruñea
Errege Magoek 16:00etan dute Iruñera iristeko ordua, Magdalena zubian, gozokiz eta opariz beteta. Haurren azken agurrak jasotzeko, udaletxean izango dira ondoren, 17:00etan. Eta desfilea gero, 19:00etatik aurrera.
Badatoz Errege Magoak eta opariak
Krisirik ez dute nozitu Errege Magoek, imaginazioa eta ilusioa ez direlako diruz ordaintzen. Gau magikoa izango da gaur Euskal Herriko hainbat hiri eta herritako kaleetan. Gozoki eta opari mordoa dakartzate maiestate agurgarriek Ekialdetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu