Baionako bestetarako diru iturri bila

Baionako bestek bost egun iraungo dute engoitik ere, baina udalak aurrekontua ia erdira jaitsiko du: milioi bat eurotik 600.000 eurora. Erabakiak eztabaida piztu du baionarren artean.

Baiona
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Jean Grenet Baionako alkateak joan den ostiralean erran Baionako bestek engoitik ere bost egun iraunen dutela, baina eztabaidak bizirik segitzen du. Izan ere, besten egun kopurua mantentzea erabaki arren, udalak duen aurrekontua abantzu erdira jaitsiko du, milioi bat eurotik 600.000 eurora. «Besten iraupena jaitsi ordez, aurrekontua murriztea erabaki dugu. Ez dago bestentzako aurrekontu finkorik, baina gastuen eta irabazien arteko kenketa egin ondotik, kostuak altuegi ziren udalarentzat», adierazi du Tomas Jaussaudek, Udaleko Besten Batzordeko lehendakariordeak eta Gazteria, Kirola eta Elkarteen Biziaz arduratzen den auzapezordeak.

Alkatearen oniritziarekin, Udaleko Besten Batzordeak hartu du kostuen apaltzeko erabakia. Izan ere, Jaussaudek adierazi duenez, Frantziako Estatuak udalari eman laguntzek behera egin dute, eta herriak berak dauzkan irabaziak ere jaitsi dira. «Egunak murriztu edo kostuak jaitsi behar izan ditugu. Batzordeko kide guziek bat egin dugu bigarren aukerarekin. Bertan, hautetsiez gain, elkarte eta tabernarien ordezkariak ere badaude, besteak beste. Gizarte zibila ordezkatua dago».

Aurrekontua jaisteko, Baionako peñei 25.000 euro ordaintzea galdegingo die udalak orotara. Peña bakoitzak duen kide kopuruaren eta duen diruaren arabera finkatuko da ordaintzekoa, Jaussaudek adierazi duenez.

Baiona Txikia, kexu

Animazio gehiago egitea galdegingo zaiela adierazi du Jaussaudek: « Iruñean jada hala egiten da. Peñek egiten dituzte kaleko animazioak. Baionan peña askok ere hori egiten dute, baina berriek hori egitea ere nahi dugu. Herritarrentzat giroa sortzea eta ez soilik esparru pribatuan ezartzea animazioak. Ohitura horretara ohitzea nahi dugu». Bestalde, ostatu, janari saltzaileek... 40.000euro eman beharko dizkiote udalari, ordainsari profesional gisa. Bukatzeko, 150.000 euro ordainduko dituzte garraio enpresa ugarik, Baionako besten babesle bilakaturik. Garraio publikoan prezioak igango diren edo ez, ez da argitu oraino.

Baiona Txikiko merkatari eta jatetxe jabeen elkarteak adierazi du udalak eman erabakiarekin ez daudela ados. «Alkatea iaz engaiatu zen guk baso birziklagarriak egitearen truke bi urtez ez zuela bestetako taberna eta terraza ezartzearen prezioa igango.Itxura guzien arabera, ez du beteko bere hitza», esan du elkarteko buru Nicolas Mikelek. Hala, %15igoko zaie iazkoarekin alderatuz taberna eta terraza ezartzearen kostua.

Egun, Mikelek adierazi duenez, Baiona Txikiko merkatari eta jatetxeek dute gehienbat bertako animazioa eta apainketa ordaintzen. «Jendea kexatzen zen udalak ez zuela nahiko animaziorik ezartzen kalean. Hala, gukgeuk finantzatzea erabaki genuen. Txaranga, kaleko apaingarri... bertako tabernariek eta komertzianteek ordaintzen dugu».

Merkatari eta jatetxeen jabeen elkarteko lehendakariak argi utzi nahi izan du beraiek animazio gehiago ezarri eta ordaintzeko prest daudela. «Kontziente gara bestak oso garesti ateratzen zaizkiola udalari. Baina gu jada aspertuak gaude udalari zuzenean dirua ematen. Nahiago dugu dirua zuzenean kalean inbertitu», esan du Mikelek.

Urtetik urtera egoera jasangaitzagoa bilakatzen ari zaiela azpimarratu du, halaber, Mikelek. Frantziako Estatuak alkoholaren kostua igo dielako, baita edari azukratuena ere. Nahiz eta egoerarekiko biziki kritikoak izan, Baiona Txikiko Komertzio eta Jatetxe Jabeen Elkartearen jarrera eztabaidatzearen alde dela esan du lehendakariak. «Ez gaude konfrontazio jarreran. Konponbideak aurkitu nahi ditugu, argi baita bosgarren eguna mantendu nahi dugula. Baionako besten eragile garen guziek gure lekua izatea nahi dugu, erabakietan barne».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.