Points de vue festibalaren hirugarren aldia egiten ari dira egunotan Baionan; eta horren berri emango du bihar Berriako Bizigiro atalak. Hamahiru artista gonbidatu dituzte, eta hiriko paretak margotzen ari dira igandera bitartean. Ostegunean hasi zen kaleko arteen jaialdia. Raul eta David Perre How & Nosm anaia biki donostiarrek Zup auzoan egin dute beren lana; auzo berean ari da lanean Etien artista, giro tropikalez bete ditu paretak, arrain begi handi bat marraztu du, eraikinaren angeluak kontutan hartuta. Zalez grafitigileak, berriz, emakumeak izan ditu gogoan, eta emakume pilotariak marraztu ditu, Jean Dauger zelaitik hurbil. Mural guztiak bukatuta ikusi ahal izango dira igandean.
Gainera, Trixerten bosgarren urteurrenaren berri ere emango du Bizigiro-k. Bost urte bete ditu Berriaren Trixertak egitasmoak; gaurkotasunezko gaiak elastikoetara eramaten ditu proiektuak, hainbat sortzaileren laguntzarekin. Urteurrena dela eta, hamazazpi sortzaileren diseinurik salduenak berriz ere jarriko dira salgai. Erakusketa bat ere egingo dute Iruñeko Katakrak liburu dendan.
Zinemaren atalean, Hego Koreako film batetaz hitz egingo du Gontzal Agotek: datorren astean iritsiko da pantaila handietara Bong Joon-horen Gisaengchung komedia beltza.
Iker Markinez Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Kuko jatetxeko sukaldariak, ohi bezala, errezeta bat prestatu du: Patata egosia txipiroi freskoarekin.
Asteburuan egiteko planak ere bilduko ditu Bizigiro-k: Japoniako kulturaren bilgune bihurtuko da Barakaldoko BEC (Bizkaia) asteburuan, Japan Weekend jaialdiarekin. Altsasun (Nafarroa) feriak egingo dituzte igandean. Donibane Lohizunen (Lapurdi) Eusko Elkarteen eguna egingo dute bihar; mutxikoak, txaranga eta beste egongo dira. Arrasaten (Gipuzkoa), berriz, Sagar eta Euskal Sagardoaren eguna ospatuko dute bihar.