Ez dira gutxi herria eta familia utzi eta artzain lanetan atzerrira joan ziren euskal herritarrak. XX. mendearen lehen erdialdean, Euskal Herriak bizi zuen egoera ekonomikoak behartuta, familia askotako semeak joan behar izan zuten atzerrira lanera. Horietako bi dira Santiago Mitxeltorena (1940, Etxalar) eta Santi Hualde (1944, Zubieta).
Hamaika bizitakoak dira biak ala biak. Oso gazte zirela eman zituzten ardi artean lehen pausoak, eta, diru faltak bultzatuta, atzerrira joan behar izan zuten. 16 urte betetzeko gutxi falta zuela joan zen Hualde, lehenik, Frantzia aldera. Hango larretan lanean ziharduen bitartean, herriko hainbat lagun AEBetara joan ziren, eta, horiekin harremanetan egon ostean, hango aukeraz ohartarazi eta diru goseak deituta abiatu zen, 1964an, Ameriketara. «Diru apur bat egin eta itzultzea zen helburua. Hala ere, joandakoen erdiak, familia egin, eta han geratu ziren», dio Hualdek.
Mitxeltorena ere 1964an joan zen Ameriketara. Gaztetatik ardi artean ibilitakoa hori ere, baina ordura arte atzerrira atera gabea. «Hasieran oso gogorra egin zitzaidan; denbora asko ematen genuen bakarrik, eta, Euskal Herriko bizitza sozialera ohituta geundenez, kosta egin zitzaidan», esan du etxalartarrak.
«Bakardadeaz gain, hizkuntzarena zen okerrena. Ingelesez deus ere jakin gabe abiatu nintzen, eta, gaztelaniaz hitz egiten zuen lankide mexikarren bat edo beste baneukan ere, ez zidan betetzen. Ardiak zaintzen bakarrik egoteaz gain, jendartean ere bakarrik sentitzen nintzen lengoaia ez jakiteagatik. Lehenengo astean lanerako tresnen izenak ikastea lortu nuen, horrela, lanerako behintzat arazorik ez edukitzeko», dio Mitxeltorenak.
Egoera oso zaila bizi izan zuen Etxalarko artzainak. Arazoari aurre egitea lortu zuen azkenean. Etxera itzuli aurreko urteetan, joan berri ziren lankideei ingelesez egin beharreko baimen eta beste zenbait kontu administratibotan laguntzen bukatu zuen. «Amerikarrek duten gauza onetako bat da, atzerritar askoren artean bizitzen ohituta daudenez, hizkuntzarekin pazientzia handia dutela. Hizkuntzarekin laguntzeko ohitura handia dute».
Artzain lanari dagokionean, ez zen desberdintasun handiegirik Euskal Herritik AEBetara. «Ardi kantitatea zen desberdintasun handiena: Euskal Herrian 200 ardi maneiatzen genituen, eta AEBtan 1.500etik 2.000ra», dio Hualdek. «Beste desberdintasuna, Euskal Herrian udan mendira igo eta neguan jaitsi egin behar duzula da; han berriz, ez». «Klima nahiko desberdina da: hemen hezetasun handia dago, eta hura, berriz, oso lehorra da; udan bero handia eta neguan hotz handia egiten du», ohartarazi du zubietarrak.
Ameriketan zeudenean, Euskal Herriko gauza askorekin gogoratzen zirela adierazi dute biek; baina, hemen daudela, Ameriketatik hainbat gauza hartuko lituzketela onartu dute. «Dolarra oso gauza polita zen. Jatekoa eta janztekoa oso merkea zen, eta ez genuen ezer falta. Denbora zen falta genuen bakarra, igande arratsaldean soilik libratzen genuen», esan du Mitxeltorenak. Nahi izanda ere, zaila zuten gastua egitea; horregatik aurrezten zuten dirua. «Hala ere, bazegoen igandean diru asko xahutzen zuenik ere», gogoratzen du etxalartarrak. «Egun bateko jornalak galtza eta ator pare bat erosi eta jatetxe batean afaltzeko ematen zuen sobera. Euskal Herrian ez zegoen hori egiterik».
Euskal herritarrak oso ongi ikusiak omen ziren Ameriketan Mitxeltorenaren esanetan, batez ere, Kalifornian. «Nagusi batek langile bat behar izanez gero, eta bi pertsona lanerako aurkeztuz gero, bat euskalduna bazen hura hartuko zuten, ziur», esan du Mitxeltorenak. Hainbat egunez alturan egoteko gaitasunak, gogortasunak eta zintzotasunak eman zien euskal herritarrei horrelako prestigioa.
Gaur egungo gazteek horrelako lana ezingo zutela egin ziur dira. Hala ere, euskal arraza aldatu ez dela diote, bizimodua baizik. Beraiek orain jaioak izango balira gaitasunik ez zutela izango argi dute. «Oraingo garaiak desberdinak dira, zorionez. Gu txikitatik ohituak ginen lanean, ardi tartean ibiltzen. Bizimodua desberdina zen, eta ohituta ginen», dio Hualdek. «Gaur egun, herri txikietan badaude gogortasun handia duten mutil gazteak, baina oso gutxi dira. Egungo neska-mutilek ikasketak amaitu eta gustuko duten lan bat egitea dute helburu. Gauza ona da hori, baina, batzuetan, txispa apur bat falta izaten dute lan egiteko orduan. Nagusiak ere ez dira gure garaian ziren bezain gogorrak».
Larunbatean, hitzordu berezia dute biek. Seigarren urtez, Ameriketara joandako artzainen topaketa izango dute Eugi eta Zubiri herrietan. Aurten, gainera, Euskal Artzainak Ameriketan elkarte berria sortu dute, eta han aurkeztuko dute. «Artzain aunitz elkartzen gara, urte askoan elkarren berri izan ez dugunak. Hagitz emotiboa izan ohi da: egun bakarreko jardunaldia izanik, denbora falta izaten dugu, denekin mintzatu nahi izaten baitugu eta ezinezkoa da», adierazi du Mitxeltorenak. Topaketan 700 eta 1.000 Artzain artean bilduko dira aurten. «Elkarte berriaren sorkuntzarekin, urte osoan ekitaldi gehiago prestatzea da helburua, eta artzain ibili garen lagunen esperientzia zabaltzeko oso lagungarria izango dela ziur nago», dioHualdek.
Zazpi urteren ostean itzuli zen Zubietara Hualde. Mitxeltorena, berriz, hamar urteren ostean. Egun jubilatuta daude biak, eta Ameriketara ez zirela itzuliko argi daukate, han bizi direnanaiak bisitatzeko ez bada, bederen. Euskara, Euskal Herria eta hemengo kultura bihotzean daramate, eta egun duten bizitza ezin hobetzat dute; ez dira kexu. Hainbeste urtez lana hain gogor egin izanak bere saria eman diela dirudi.
Ezarian. Euskal artzainak Ameriketan
«Bakardadea eta lengoaia ez jakitea izan zen gogorrena»
Euskal Herriko egoera ekonomikoak behartuta, orain ia mende erdi joan ziren Santi Uhalde eta Santiago Mitxeltorena Ameriketara artzain; beraiek bezala joandakoen ia erdiak han geratu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu