Miguel Angel Pardo. Aztiko ikerlaria

«Bakarrik genetikak desberdin dezake Europako antxoaren jatorrien artean»

xabier martin
Donostia
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Antxoa lagin ugari pasatu dira bere eskuetatik azken urteetan. Miguel Angel Pardo (Bilbo, 1971) Kantauriko antxoa genetikoki identifikatzeko proiektuan aritu da buru-belarri. Kontserben industriaren alorrean jatorri desberdinetako antxoak direla-eta egon daitekeen iruzurretik harago, «antxoaren iraunkortasunari begira ere» egitasmo lagungarria izango dela uste du.

Genetika baliatu duzue Kantauriko antxoa mugatzeko. Zein metodologia jarraitu duzue hori lortzeko?

Jatorri desberdineko lagin ugari aztertu ditugu, milaka; nukleotidoen bila aritu gara. DNA hartu, eta SNP [desberdintasun genetikoa finkatzen dituzten markagailuak] sorta bat lortu genuen. Hura eredu hartuta dihardu gure metodoak. Lagin ezezagun bat hartu eta ereduarekin alderatuta jakiten da zein jatorrikoa den antxoa. Genetikak ez dio iruzurrari tarterik uzten.

Iruzurrak saihesteko tresna baliogarria dela diozue. Metodoa aplikagarria da dagoeneko?

Aztin eta EHUn dagoeneko aplikatzen da, eta baliotzeko bidean dago. Lau urte eman ditugu elkarlanean bi erakundeak, hainbat etenaldi izan arren. Emaitzak onak izan dira azkenean. Gai gara Kantauriko antxoa beste jatorrikoengandik bereizteko.

Ikustearekin soilik, bere burua Kantauriko antxoa bereizteko gai direnak ez dira gutxi?

Morfologikoki hori ez da posible. Europako antxoa, izan Kantaurikoa, izan Afrikakoa, izan Italiakoa, itxura berekoa da, ez dago desberdintzerik. Ahoan beste zapore bat duen edo ez, horretan ez naiz sartuko. Aldagai horiek subjektiboagoak dira. Genetika objektiboa da. Ingurumenarekin zerikusia duten aldagaietatik independentea da.

Arraindegietan antxoaren jatorria garbi ikusten bada erosleak hautu arduratsuagoa egin dezakeela ere aipatu duzue.

Izan ere, arrantzatzeko moduak oso kontuan hartu beharko lirateke arraina erostean. Iraunkortasuna bermatzen duten arrantza moduak lehenetsi beharko lirateke, adibidez, gure arrantzaleek erabiltzen dituztenak. Beste jatorrikoak diren antxoak ez dakigu zer-nolako metodoekin harrapatu dituzten; Kantaurikoa bai, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.