Gerla Handia (1914-1918) sarraski triste ero batentzat hartzen da, gero eta gehiago. Bertsio ofizialetan ahalkea da nagusi ere hainbeste gazteei bizia kendu zelakoan, armadako eta gobernuen estrategia zentzugabeengatik. Jospinek 1917ko fusilatuak ohoratu zituen, baina desertoreak oraindik isilean daude. Intsumisioaren alde eta armadaren ekintzen aurka oraindik gazte batzuk altxatzen dira, ikusi denaz, Baionan.
Altabada, armaden garaia, aldatu bada ere konskripzioa, inoiz baino nabariagoa da. Soldadu profesionalak ditugu orain, kontratupean, botere publikoaren esku. Baionakoak, elitean ditugu, eta Afrika, Afganistan edo horrelako guneetan «morts pour la France» direla plaka batzuek agertzen dute gerla oroitarrian. Frantzia NATOn sartu geroztik bestela behar laiteke idatzi, berdin. Bestea zera da: gerla pribatizatzen ari dela, Iraken ikusi da argiki ia sozietate pribatuetakoak soldadoak bezain ugari baitira. Milizia pribatuak ala banku zaindariak, munduaren parte bat indar armatuez gerizatzen ari da.
Jendartean ez dirudi soldadu edo jende armatu horietaz hainbat gogoeta denik. Mende honetako berezitasuna da hargatik: oreka berriak daudela eta soldadu, milizia, polizia nazionalak, munizipalak, CRS ala jendarma ala Guardia Zibil, sozietate pribatuak eta kamera espiak denetan dira. Bakean garela omen, inoiz baino gehiago jende armaturik dago. Bakean? Noren aurka dira indar horiek? Lehengo egiak gaurko balio luke ere: indar armatu boteretsuak interes handien zerbitzuko; ez al da hori gerraren lehendabiziko baldintza?
Bakea eta gerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu