Arteaz gozatzeko aukera ederra izango dute haurrek datozen egunetan, Gasteizko Artium museoan. Kids' Guernica proiektuaren barnean, hainbat tailer antolatu ditu museoak asteazkenetik ostiralerako. Besteak beste, Gernika margolanaren neurriko mural bat egingo dute. Mundu osoko haurren artean bakearen kultura zabaltzea da proiektuaren helburua.
Aztarna jokoarekin hasiko dute haurrek eguna, 11:00etan. Jose Ramon Amondarain artistaren Denbora eta premia erakusketa ikusiko dute; Pablo Piccasok Gernika margotzeko eman zituen pauso guztiak azaltzen dira erakusketan, lehen zirriborrotik azken pausora. Hala, mantendu diren elementuak, kendu direnak eta aldatu direnak aurkitu beharko dituzte haurrek.
Jokoa amaitutakoan, berriz, Gernika margolanaren tamainako mural bat egingo dute haurrek: 3,5 metro zabal eta 7,8 metro luze. Bakearen kultura izango da muralaren gaia.
Kids' Guernica proiektua mundu osoan dago zabaldurik, eta proiektuan parte hartzen duten herrialdeetako haurrek mural bat marrazten dute. Mural horietako lau egongo dira Artiumen: Alemaniakoa, Indiakoa, Bielorrusiakoa eta Taiwangoa. Artiumen egiten dituzten muralak ere munduan barna ibiliko dira, museoz museo.
Sarrera doakoa izango da 14 urtetik beherako haurrentzat. Gainontzekoek nahikoa izango dute museorako sarrera ordaintzearekin tailerretan parte hartzeko.
Bakearen alde, artea
Artium museoan bakearen aldeko murala egingo dute haurrek datorren astean, 'Gernika'-ren neurrikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu