Bakearen lehenengo armada izenez ezagutzen da Errusiako armadaren abesbatza, balleta eta orkestra, armak ordezkatzen baituzte ahotsek. Donostian izango da gaur taldea, dantza eta musika ikuskizuna eskaintzeko. Kursaalean ikusi ahal izango da emanaldia, 18:30etik aurrera. Errusiako herri kantak abesteaz gain, bisitatzen dituzten herrialdeetako abestiek ere osatzen dute euren abesti bilduma.
Bi Mundu Gerren artean sortu zen taldea, eta ehun bat lagunek parte hartzen dute ikuskizun bakoitzean. Taldearen hastapenetan, gerran eta ospitaleetan zeuden soldaduei amodiozko eta itxaropenezko abestiak kantatzen zizkieten. Gizonezkoen ahotsak abesbatzan; berrogei lagun, berriz, dantzan. Jantzi ikusgarriak eramaten dituzte soinean, euren mugimenduen ikusgarritasunarekin bat eginez. Nekazaritza mundua, amodioa, gerratea eta gisako gaiak lantzen dituzte; Dantza ukrainarra, Soldaduen dantza eta Errusiako kanpaiak abestietan ikus daiteke, adibidez.
Abesbatzarekin eta dantza taldearekin batera, hainbat bakarlari etorri dira Euskal Herrira. Kalashnikov eta Kolenkov tenoreak, Stepanov eta Repin baritonoak eta Dobrovolski baxua, esaterako.
ERRUSIAKO ARMADA. ABESBATZA, BALLETA ETA ORKESTRA
Noiz. Gaur, 18:30ean.
Non. Donostian, Kursaalean.
Bakearen armada Donostian
Errusiako armadaren abesbatzak, balletak eta orkestrak ikuskizuna eskainiko dute gaur Donostian, 18:30ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu