Euskararen presentziaren balantzeaz ari gara gure 700. ale honetan, urtean atzenekoa. Gauzak ordenatuago azaldu eta errazago ulertzeko, sektorea atalka antolatu dugu.
•Elikagaien ekoizpena: beti bezain euskaldun edo erdaltzalea, oro har. Itsaso, negutegi eta soroan atzerritar batzuk sartu direnez, sektore hau pittin bat erdaldundu da, baina ez da nabaritzen, kasik: produktuei (baratze, bapore, hiltegian) ezartzen zaizkien etiketak, aspaldi bezala, espainolez edo frantsesez bakarrik agertzen dira.
•Transformazioa: Frantziako sukaldariek eskola guztietatik frantsesez bakar bat ere ez ematea logikoa litzateke?
•Salmenta: euskarara historikoki asko arrimatu gabe bizi zirenetako batzuek (Leclerq, Carrefour) aspaldi honetan ahalegin ñimiño batzuk egin dituzte. Bertoko banatzaile handiak, berriz, aspaldi jo zuen goia.
•Komunikazioa: nola eskatuko ote zaio euskaraz mintzatzea euskaraz ez dakien, euskaraz alfabetatzeko, ahalegintzeko, kezkatzeko… zaletasun edo interesik izan ez duenari? Izen handien belaunaldiarenak egin dugu: zenbat eta garaiago, orduan eta erdaltzaleago Euskal Herrian: obra osoa erdaraz baina idazlearen koloreak ez ditu gorritzen lotsak. Euskal Sukaldaritza Berriak hizkuntzan ez zuen aztarnarik utzi. Gutxi-gutxi gara dogmari hanka egin diogun bakarrak.
•Hezkuntza: ez Donostian finkatu duten Culinary ikastegi horretan (ezta lehenagotik funtzionatzen duten gainerakoetan, teoria hutsean D eredukoak badira ere), euskarak ez du euskaldunok eskatu behar dugun presentzia. Itzal handiko izenez inguratu dute, baina… Frantzian eskolak ingelesez edo arabieraz emango balituzte, frantsesek lasai lo egingo lukete? Basque delako horretan —arduradunek besterik ez badiote— Euskadi hispanismo eufemistikoa darabilte, Euskal Herriaren osotasuna tabutzat hartuta. Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa ez dira basque. Basque-koak, bai, nonbait.
•Balorazio orokorra: ongi goaz, mundu hori orain hamazazpi urte baino erdaldunago ez delako bihurtu; gaizki, euskaldundu ez delako, Euskal Herriko beste adar batzuen (informatika, ikerkuntza, prentsa…) modura. Guk, beti bezala, geure lanorduez kanpo, militantziaz eta geure patrikatik euskaldundu beharko, horiek deseuskalduntzen dizkigutenak.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Balantzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu