Balazta munduko bizikletari

Eneko Etxebarrietak eta Miyuki Okabek etena egin dute munduan zehar egiten ari ziren bizikleta ibilbidean; hiru urte baino gehiago egin dute Hego Amerikan.

Anakoz Amenabar.
2008ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Hiru urte eta lau hilabete egin dituzte Eneko Etxebarrietak eta Miyuki Okabek bizikleta gainean; 15.000 kilometro baino gehiago Hego Amerikako lurretan. Hasieran jarritako helburua bete ez badute ere, ibilbidearekin 2010era arte jarraitzea pentsatuta baitzeukaten, pozik iritsi dira Gasteizera. Hilabete batzuen bueltan hiru izango dira etxean; semearekin batera hasiko dituzte orduan bizikleta gaineko etapa berriak. Umea jaio artean, bidaian jasotako informazio eta argazki guztiak antolatzen badute lana.

Joan den ostegunean heldu ziren Arabako hiriburura, Caracas (Venezuela) atzean utzita. Zalantza ugariren ostean, haurdunaldia etxekoekin batera pasatzea erabaki dute. «Une honetan umea bakarrik dugu buruan. Ondo pentsatutako erabakia izan da. Arriskutsuegia zen orain arteko bideari jarraitzea». Bidaia egitasmoak, ordea, bere horretan jarraitzen du. «Umeak bidaiatu ahal izan arte itxoin beharko dugu». Bien bitartean, etxetik egingo dute bidaia, informazioa antolatu eta ezagutzera ematen.

2000. urtean hasi zen Etxebarrieta mundua bizikletaz ezagutzen. Istanbulera irits zitekeela pentsatu, eta 46.000 kilometro egin zituen azkenik. Europa, Asia, Ozeania eta Amerika bisitatu zituen. Garai hartan ezagutu zuen, Caritiban (Brasil), Miyuki Okabe. Bien arteko harremana sendotu, eta bidaia batera amaitzea erabaki zuten.

Lehendabiziko bidaia amaituta, bigarrena elkarrekin egitea pentsatu zuten 2005ean. Bidaiatzeaz gainera, herrialdeak ondo ezagutzea izan zen bidaia horren helburua. «Lekuak bisitatzearekin batera, sakonago, gertuago bizi nahi izan genuen bidaia hau. Patxadaz eta herritarrekin harremanetan».



BIGARREN ABENTURA. Gasteiztik Madrilera, handik Lisboara eta hegazkinez Ushuaiara, abenturari Patagonian ekiteko. «Gogorra izan zen hasiera. Ehun kilometro orduko haizeak eta 15 gradu zero azpiko tenperaturak jasan behar izan genituen». Paisaia bakarti haietan, biztanleren batekin topo egitea zen ezustekoa: «Asteak igaro ditzakete bertan inor ikusi gabe, eta pentsaezina da baten bat bizikletazheltzea. Estralurtarren parekoak ginen».

Atlantikoko kostari jarraiki, Brasilerantz egin zuten. Eguraldi hobearekin, web orrian elkartzen ziren lagunen solasaldiakjasotzen (www.acercandoelmundo.com), eta hilabetekaria ere idazten hasi ziren. «Bost mila lagun izan ditugu harpidedun, eta egunero 600 bat lagunek irakurri dituzte istorioak. Babes handia sentitu dugu».

Amaigabeko solasaldiak, dantzak, afariak, ikastaroak. Bizipen ahaztezinak, txoko bakoitzean. Amazonian, esaterako, Manaos eta Boavista artean, gizaki zuririk ikusi gabeko tribu batekin elkartu ziren. «Guk ere ez genuen indigenarik ikusi ordura arte. Tandemean heldu ginenean harrituta begiratzen ziguten. Ikaragarria izan zen guztientzat».

Ikara unerik ere bizi izan zuten Brasilgo hegoaldeko errepide batean. Mendiko portua jaisten ari zirela galgarik gabe geratu ziren. «Galgak erreta genituen, eta ikaratuta egin genuen bidaia. Iristean lurrari musu eman genion».

Ikastaldi luzea izan da bikotearentzat, hainbeste lagun eta kultura ezagututa. 50.000 argazki, 500 artikulu eta beste hainbat oroitzapen. Horiek guztiak motxilan sartuta, Gasteiz dute Etxebarrietak eta Okabek hurrengo jomuga. Beste abentura bati ekin behar diote hemendik aurrera, etorriko den semearekin batera. Baina bizikleta ez dute aparkatu; atsedena eman diote oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.