Lasai hartu zuen lo igandean Zarautzen baleak. Eguraldia tarteka desatsegina izan bazen ere, baleko eguna atera zen azkenean, eta jende andana bildu zen herrian. Bale! Bizi garen seinale lelopean euskal eskola publikoaren festa ospatu zuten herenegun, eta lanean jarraitzeko indarra badutela erakutsi zuten goiz-goizetik jai giroan.
Zarauzko lau ikastetxe publikok antolatu dute jaia aurten, haur eskolak, Orokietak, Monte Albertiak eta Lizardi institutuak. Azken horretan egin zuten hasiera ekitaldia. Protesta giroa nagusitu zen, murrizketen aurkako mezuak erakusten zituzten kartel eta pankartekin bildu baitziren hainbat lagun. Ekitaldian izan ziren EHIGE Euskal Herriko Ikasleeen Gurasoen Elkarteko lehendakari Usoa Urbieta, Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea eta alderdi politiko eta sindikatuetako zenbait ordezkari. Tartean zen Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan ez dutela murrizketarik egingo adierazi zuen. «Erabat zentzugabeak dira; ez dugu onartuko euskal hezkuntzaren kalitatea gutxitzerik». Euskararen egoeraren hobekuntzaz ere mintzatu zen. 80ko hamarkadan irakasleen %5 bakarrik ziren euskaraz irakasteko gai, eta gaur egun %80ra iristen dira.
Eguna triste samar, lainotuta, baina ateri argitu zuen Zarautzen. Herrian jarritako bederatzi gunetan bazegoen zer aukeratua. Seigarrenean, adibidez, ikasturtean ikasitakoa jendaurrean erakutsi zuten herriko ikastetxeko haurrek. Euskal dantzekin, balleta eginez, eta Michael Jacksonen abestiekin ikuskizun ederra eman zuten umeek. Eguerdia gerturatzearekin batera, Eusko Labelen saltokian jende asko pilatu zen mokadutxoa jatera. Malekoian, berriz, hondartzarako asmoarekin joandako familiak ikusten ziren, trasteak beso azpian hartuta, baina euri zaparradak zapuztu zizkien asmoak. Pasealekuko aterpeetan hartu zuten babesa orduan, eta toallak lurrean jarrita atseden hartzea erabaki zuten zenbaitek.
Eguraldi desatsegina zela eta, hainbat ekintza bertan behera utzi behar izan zituzten, eta beste batzuk aterpera eraman zituzten. Herri bazkarian paella jan, eta indarrak hartu ondotik, festarekin jarraitu zuten arratsaldean ere. Mlop taldeak Afrikako musikaren erroak erakutsi zituen, Senegalgo erritmo eta dantzekin. Perkusioa emakumezkoek egiten zituzten koruekin batera entzutea bitxia zen oso. Arrakastarik handiena Katxiporretaren Zazpikoloroa ikuskizunak izan zuen, hala ere. Munoa plaza familiaz lepo beteta zegoen, oholtzatik urruti zeuden gurasoek haurrak sorbaldara igota. Eta umeek zoratzen eta adi-adi begiratzen zieten pailazoei. Pirritx eta Porrotxekin batera abestiak kantatzen eta dantzatzen zituzten: epoe tai tai e, epoe tai tai e...
Festa giroan erabat sartuta zegoenetako bat Jose Luis Etxebarria zen. Alai ikusten zen. Alabak eskola publikora bidaltzen ditu, eta emazteak han lan egiten du. «Gozatzeko eguna da gaur. Eguerdian jendea tristatu egin da zertxobait eguraldi txarrarekin, baina festan ederki ari gara pasatzen», zioen.
Hondartzako punta batean familia giroa zegoen, eta beste aldean oso bestelakoa zen jaia. Desertu txikian gaztetxoak ziren nagusi. Elkarri bizkarretik helduta, erdi balantzaka, lehendabiziko aldiz alkoholaren eraginak ezagutu zituzten zenbaitek. Ze Esatek! taldearen ska doinuekin dantzan ibili ziren lehendabiziko lerroetakoak, eta barra ingurukoak nahiago zuten begira egon. Maialen Agirrezabal zegoen han. Zarauztarra da, eta herriko eskola publikoko ikasle izan da. «Euskal eskola publikoari laguntzeko aukera polita iruditzen zait jaia». The Rolling Stonesen Satisfaction abestiarekin bukatu zuten kontzertua Ze Esatek! taldekoek, eta halaxe itzuli ziren etxera han bildutakoak.
Baleko eguraldia balearentzat
Eguraldiak eguerdi aldera askorik lagundu ez arren, milaka pertsona bildu ziren Zarautzen euskal eskola publikoaren jaianHurrengo urtean Arabak hartuko du lekukoa; zehazteko dute oraindik herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu