Hasi dira jada Tolosako Naturaldia 2012 jardunaldiak. Gizakiak naturan duen eragina aztertuko dute hainbat proiekzio, hitzaldi eta mahai ingururen bidez. Hitzaldi horietako bat izango da Francisco Lozano Winterhalderrena (Sant Feliu de Guixol, Katalunia, 1957). Biologia zientzietako lizentziaduna eta humanitateetako masterduna da Lozano. Ingurumen eta iraunkortasun gaietan aditua da kataluniarra, eta Natura, oreka, zoriontasuna hitzaldian zentzu zabalean aztertuko ditu gaiok. Tolosako Topic zentroan emango du hitzaldia, gaur, 19:30ean.
Zein da naturaren, orekaren eta zoriontasunaren arteko lotura?
Nik beti biologo baten ikuspegitik ikusten ditut gauzak. Espezie gisa, bizirik irautea da gure helburua. Garapen iraunkorrean ez da sekula iraupenari buruz hitz egiten, hurrengo belaunaldiak bizi ahal izateko baliabideei buruz baizik. Baina ez dugu soilik garapen iraunkor baten alde borrokatu behar, harago joan behar dugu. Planeta honetako gizaki guztien kalitate maila hobetu behar dugu. Hiru bakeren bitartez lor daiteke hori: naturarekiko oreka bat bilatzen, munduari egonkortasuna emango liokeen bake soziala lortzen eta zoriontasuna emango ligukeen barne bake bat lortzen. Bizirik iraun bai, baina ongizate minimo batekin bizi behar dugu, eta ez naiz ongizate materialez ari —noski, gutxieneko batzuk behar dira—, giza ongizateaz baizik.
Barne bake hori lortzeko, zoriontasunaren ikuspegia aldatu behar al luke gizakiak?
Nik uste dut garai baten amaieran gaudela. Garai horretan, bizi-kalitatea kantitatearekin nahastu dugu. Krisi ekonomikoak bultzatuta eta objektuak kontsumitzearen asperduraz, azkenean zoriontasuna hori ez dela konturatuko gaudelakoan nago. Momentuko zoriontasun mota hori baztertu, eta beste balio ukiezinen alde egin behar dugu. Balio horiek, kutsadurarik ez sortzeaz gain, gehiago asebetetzen gaituzte. Kulturaren eskaintza zabalean ari naiz pentsatzen, musika, zinema eta literaturan, adibidez.
Konponbide tekniko eta ekonomikoak nahikoak ez direla diozu.
Garapen iraunkortasunaren arloan garrantzitsua da alderdi tekniko eta ekonomikoak lantzea. Kontu asko zaindu behar dira: munduko biztanleria kontrolatu, kontsumo estiloa aldatu, eraginkortasuna bilatuko duen iraultza teknologikoa eta energetikoa bultzatu... Hori beharrezkoa da, begi-bistakoa da, eta konponbidearen ardatza da. Halere, ezin ditugu alderdi kultural eta humanistikoa ahaztu. Nire ustez, egun iritsi garen ingurumen krisia ez da krisi tekno-ekonomikoa soilik. Krisi tekno-ekonomiko hori izozmendiaren gainaldea besterik ez da, larriena beheran dago: egoera tekno-ekonomiko hori sortu duen kultura.
Horri aurre egiteko, zer proposatzen duzu?
Berrikuste baten aldekoa naiz ni. Naturari baliorik aitortzen ez dioten pentsaerak aldatu behar dira. Horretarako, kultura eta etika uztartu behar dira.
Zer neurri hartu beharko lirateke kulturaren alorrean?
Gizakiak maila guztietan hausnarketa bat egin beharko luke. Liburu, prentsa eta Naturaldiaren moduko jardunaldien bidez egin behar da hori. Egoera honetara eraman gaituen gure kulturaren zatia zein den aztertu behar dugu. Etikaren alorrean, egiten ari garenari buruz hausnartu behar dugu. Erabaki ahalmen guztietan txertatu behar dugu etika. Etika hori, baina, ezin da derrigorrean aplikatu, eztabaida zintzo baten bidezko hitzarmenak izan behar dira.
Gizakiak egungo joera alda dezakeela uste duzu?
Nire zalantzak ditut. Gizakiaren historian aldaketa pentsaezinak egon dira beste garaietan. Nork pentsatuko zuen Industria Iraultzaren ostean langileriak ongizate estatuak eskaintzen dituen eskubideak lortuko zituela? Gizakiak aldaketak eragin ditu iragarpen guztien aurka. Zergatik ez ingurumenaren arloan? Toki askotan aurrerapenak egiten ari dira jada. Ingurumenaren aldeko kontzientziazioa gora egiten ari da, eta azkenean masa kritiko batera iritsiko den itxaropena dut.
Natura salbatzeko, zenbait autorek desazkundearen teoria defendatzen dute. Zer deritzozu?
Nire ustez, ez da beharrezkoa desazkundea, baizik eta hazteko moduan aldaketa bat egitea. Orain arte defendatu dugun hazkundeak baliabide naturalen ustiaketa esponentziala bultzatu du. Zati horretan bai, desazkunde bat gauzatu beharko litzateke, baina, oro har, ez da beharrezkoa, ekoizten jarrai baitaiteke naturan eragina ez duten materialekin. Teknologia iraultza betean da, eta gero eta lehengai gutxiagorekin produktu gehiago ekoizten dira. Balio ukigarrietatik ukiezinetara egiten badugu jauzi eta ekoizpenean eraginkortasuna bermatzen badugu, hazten jarrai dezakegula uste dut.
Egungo gizartea kontzientziatuta ikusten al duzu?
Europa iparraldean hemen baino kontzientziatuago daude. Erakundeek, gainera, ezer gutxi egiten dute. Ez dute eztabaida sortzen gizartean, eta horrek badu eragina. Europak agindutako gutxienekoak bete besterik ez dute egiten.
Enpresek ba al dute ingurumenaren kontzientziarik?
Herritarrek normalean enpresaritzari egozten diote kutsaduraren errua. Askoz ere kontzientziatuago daude egun, eta egitasmo ugari sortu dira ingurumen irizpideak ezartzeko enpresetan. Enpresari aplikatutako iraunkortasunak onurak ekartzen ditu: aurrezteak etekinen igoera ekartzen du, eta horrek, negozio aukera gehiago. Gezurra da iraunkortasunak lehiakortasunari kalte egiten diola.
Francisco Lozano. Iraunkortasunean aditua
«Balio ukiezinen alde egin behar dugu»
Gizaki eta naturaren arteko oreka lortzeko gizakiaren kulturan aldaketak gauzatu behar direlakoan dago Francisco Lozano. Hitzaldia emango du gaur, Tolosan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu