Jaiak. Elorrio

Baloi arteko eztanda

Gaur hasiko dira festak Elorrion, nesken futbol taldeak txupina botata; bihar egingo dute abere eta nekazaritza azoka

Haurrentzako txokolate jana, iazko Elorrioko jaietan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Iraileko lehenengo igandea iristear dela, Elorrion (Bizkaia) gaur hasiko dira Ferixa Nagusikoak. Herriko jai handiak lehenengo domekan ospatzen dira, egun horretan egiten baitute jaiei izena ematen dien nekazaritza azoka. Irailaren 12ra bitartean izango dira festak, eta denetariko ekitaldiekin gozatzeko aukera izango da Elorrion.

Txupinazoarekin hasiko dira gaur jaiak, 20:00etan. Elorrioko nesken futbol taldeak botako du txupina, eta orduan abiatuko dira festak. Futbol taldeak egin duen lana goraipatu nahi izan du udalak, eta horregatik aukeratu dutetxupina botatzeko. Izan ere, lurraldeko lehen mailara iristea lortu du Elorrioko nesken futbol taldeak. Izaskun Landaburu jokalariak aitortu du «oso pozik» daudela txupinazorako aukeratu dituztelako: «Opari bat da guretzat». Festen hasierako pregoian ideia bat azpimarratuko dutela aurreratu du Landaburuk: «Kirolaren mundua ez da erraza izan emakumeerentzat». Hori bai, pregoia laburra izango da, «jaiak azkar has daitezen».

Egun osoan, motorrak berotzeko, musika eta kirola izango dira gaur. Goizean txirrindulari lasterketa jokatuko da, eta arratsaldean errugbi partida. Umeentzako jolas parkea ere jarriko dute, 16:30etik 19:00etara. Txupina bota baino ordu bat lehenago, Bizkaiko dultzaineroek kalejira hasiko dute, eta, ondoren, Ordiziako erraldoi eta buruhandiak egongo dira plazan.

Txupina lehertu eta berehala, Clowntukada txaranga abiatuko da plazatik. 23:00etan danborrada hasiko da leku beretik. Jende ugari biltzea espero da, Elorrioko jaietako ekitaldi nagusietakoa baita danborrada. Gaueko musika doinuak mariatxien eskutik etorriko dira: Las morenas taldea arituko da, Urarkan.

Biharkoa da egun egun handia, feriaren eguna. Elorrioko nekazaritza azoka Durangaldean antolatzen den feriarik garrantzitsuenetakoa da. Aurten 78 baserritarrek hartuko dute parte, eta goizeko hamarretatik aurrera irekiko dute azoka. Baserritar jantzitako herritar uholdeak hartuko du Elorrio, bertako produktuak dastatzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.