Donosti Cup

Baloiaren balioa

Donosti Cup txapelketan parte hartzen ari diren 525 taldeen artean, Indiako eta Etiopiako gaztetxoz osatutako bi daude. Futbola kirol bat baino gehiago da haientzat. Bideoa: Donosti Cup (Andoni Canellada / Argazki Press) [youtube]https://youtu.be/OUFIMT_sFbI[/youtube]

ainara arratibel gascon
2016ko uztailaren 6a
14:38
Entzun

Duela egun batzuk amaitu zen Amerikako Kopa; Eurokopa, berriz, finalerdietan da, bete-betean. Bertan diharduten futbol izarrek milaka milioi irabazten dituzte urtean. Euskal Herrian, ordea, bada futbolaren lehiatik eta dirutzetatik harago bestelako balioak bultzatzen dituen futbol txapelketa bat: Donosti Cup. 25 urte bete ditu aurten, eta, bertan parte hartzen ari diren 525 taldeen artean, badira bi oso bereziak: Indiako Gamesa Dream Footers eta Etiopiako Wukro. Bertako jokalari diren neska-mutikoentzat, eguneroko egoera gogorrez ahazteko bidea da futbola: pobrezia, gosea, droga menpekotasuna... Donosti Cupek, gainera, modua ematen die Europara etorri eta beste herrialdeetako umeekin harremanak egiteko, beste mundu bat ezagutzeko. Baloiak beste balio bat du haientzat. Gutxienekoa emaitza da.

Indiako Gamesa Dream Footers taldeko mutikoak Realaren Zubietako zelaietan ari ziren entrenatzen atzo goizean. Bezperan Real Unionen aurka 14-1 galdu arren, irribarrea eta ilusioa antzematen zitzaien aurpegian. Elkarren aurkako partidatxoa jokatu ostean, penaltiak entseatzen aritu ziren zelaiaren albo batean. Oihuz ospatzen zituzten golak, baita atezainen geldiketak ere. Bukatzean, hortxe aritu ziren denak baloiari ukituak ematen, eta zituzten abileziak erakusten. Horietako bi ziren Asitridit Ayyappan eta Rohan Bhoyar. Begi bizi-biziak zituzten, eta baloiari ere hala ematen zioten. 12 urte dituzte. India iparraldeko Gudalar herrikoa da Ayyappan, hegoaldeko Nagpur herrikoa Bhoyar.

Txikitatik jokatzen dute futbolera. Biak ala biak aitarekin hasi ziren baloiari ostikoak ematen. «Atzo [herenegun] galdu egin genuen, eta zertxobait triste gaude. Baina, bestalde, hemen egoteagatik oso pozik gaude. Ikaragarria izan da hegazkinean bidaiatzea». Bat zetorren horrekin Bhoyar. «Lagun asko egiten ari gara, gainera, eta, hain aurkari onekin jokatuta, futbolari buruz asko ikasiko dugu aste honetan».

Europako futbol ligei gertutik kasu egiten diete Indian. «Telebistan partida asko ematen dituzte», azaldu zuen Ayyappanek. Dena den, Amerikako Kopako partidak izan dira ikusi dituzten azkenak. Real Madrileko zaleak direla aitortu zuten biek, eta Cristiano Ronaldo dela beren jokalaririk gustukoena.

Guztia begiztatzen ari zen Madhukumar Boppana, espedizioaren burua. Hark azaldutakoaren arabera, Indian kriketa da kirolik ospetsuena. «Futbolean oso jende gutxik jokatzen du, baina, pixkanaka, zabaltzen ari da». Adibidez, Indian dituen gizarte proiektuen barruan, umeen futbol ligaxka bat dauka Gamesak. «Aurreko txapelketan 300 umek hartu zuten parte, eta bertako onenak aukeratu ditugu hona etortzeko». Azken hiru hilabeteetan elkarrekin egon dira txapelketa prestatzen hautatutako jokalariak. «Elkar ezagutzea nahi genuen, eta talde nortasun bat edukitzea. Kontuan izan behar da ia jokalari bakoitzak hizkuntza diferente bat hitz egiten duela, dialekto ugari baititugu han». Chennain Gamesak dituen kirol azpiegituretan egin zuten prestaketa. «Gainontzean, etxe ondoko belazeetan jokatzera ohituta daude. Izan ere, han apenas dagoen futbol zelairik; ia gehienak kriketekoak dira».

Ume horientzat futbola kirol bat baino gehiago dela nabarmendu zuen Boppanak. «Ume gehienak herri eta auzo pobreetakoak dira, eta futbolaren bidez berriz hezten ari gara. Han gaztetxoak oso goiz hasten dira drogak eta alkohola kontsumitzen, eguneroko gogorraz ahazteko. Hori eragotzi nahi dugu». Hiru hilabete hauetan Chennain entrenatzen aritu diren bitartean, gaztetxekoek beren ohiturak aldatu dituztela zioen: elikadura, jarrera. «Hemen bizitzen ari direna ere ikaragarria da, eta horren onurak hara itzultzean ikusten dira. Bizipoz handiarekin itzultzen dira». Bizi esperientziari eman zion garrantzia Boppanak. «Atzo [herenegun] 14-1 galdu zuten, baina partida amaieran aurkarien eta zaleen aldetik jaso zituzten besarkadak eta txaloak ikaragarriak izan ziren. Adin horrekin, Indiako oso jende gutxik du Europara etortzeko aukera».

Behin txapelketa amaituta, espero dute gaztetxoek futbolean jokatzen jarraitzea. «Bi hilabete barru berriz hasiko dugu Gamesaren liga, eta gure helburua da ahalik eta haur eta gaztetxo gehienek parte hartzea bertan». Haien nahia datorren urtean berriz Donostiara etortzea litzateke. « Ligan neskatoen taldeak ere badaude, eta gure asmoa litzateke hurrengo urtean nesken talde bat ere ekartzea. Aurten, aurrekontu arazoengatik, ezinezkoa izan zen. Baina erabateko berdintasuna defendatzen dugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu haiek ere etortzea. Ahalegin osoa egingo dugu».

Etiopiako nesken ametsa

Neskatoen taldea ekarri du Donostiara Angel Olaranen Etiopia Utopia erakundeak. 13 eta 16 urte bitarteko neskek osatzen dute Wukro taldea, eta, arratsaldeko partidaren aurretik, Donostiako Belodromoan ari ziren bazkaltzen atzo eguerdian. Alaitasuna eta poza ziren nagusi haien mahaian. Manu Aiertza erakundeko kideak azaldutakoaren arabera, neskato guztiak umezurtzak dira. «Angel Olaran egin zen haien kargu». Donosti Cupen parte hartzea «mundu handi bat zabaltzea» dela nabarmendu zuen Aiertzak. «Europara etortzea gauza ikaragarria da haientzat». Etiopian kirola egiteko dituzten baldintzak «oso eskasak» direla berretsi zuen. «Ez dute ez botarik, ezta jantzirik ere. Baloi bakarra dute jokatzeko, eta hori ere oso zaharra. Gainera, zelaian etengabe sartzen dira ardiak eta txakurrak. Baina duten gogoak eta ilusioak traba guztiak gainditzen laguntzen diete». Horren seinale, goizaldeko ordu txikietan esnatzen direla entrenatzeko eta jokatzeko. «Egunez bero handia egiten duenez, goizaldean entrenatzen dira».

Gehienetan, eskolara joan aurretik egiten dituzte entrenamenduak. «Badira eskolara gauez doazenak, egunez lan egin behar dutelako etxean». Emakumeen eskubideak «oso urratuak» daudela zioen: «Lanabes gisa ikusten dituzte batzuek. Ikaragarria da ikustea emakumeak kilometroak eta kilometroak egiten 25 litroko ur bidoiekin». Neskato horietako askoren patua da txikitatik lanean hastea. «Ume izateko denbora gutxi dute». Hori aldatzen saiatzen ari da Olaran, besteak beste, kirolaren bidez. «Futbola, patinajea... Horrek ume izaten jarraitzen laguntzen die».

Donostiara etortzeko ez zuten ez botarik, ezta kirol jantzirik ere. Hori dela eta, Donostiako kirol denda batekin jarri ziren harremanetan. «Zorionez, dena oparitu ziguten; eskertzekoa da eman diguten tratua». Asteburuan, gainera, Tolosan (Gipuzkoa) antolatutako lauko txapelketa batean parte hartu zuten. Bertan izan ziren Indiako talde bat eta Tolosako beste bi. Ondoren, elkarrekin egon ziren bazkaltzen. «Elkar ulertu ez arren, ikaragarri giro onean egon ziren».

Hala, Tolosako taldeetako neskak Anoetan izan ziren astelehenean, Donosti Cupen aurkezpena ikusi eta Wukroko neskak txalotzen. «Ondoren, haiekin hitz egiten egon ginen. Asko eskertzen diegu gu animatzera eta ikustera etortzea», esan zuen Regat Lula jokalariak. Eskertuta mintzatu zen Zafu Takley ere. «Honek ez du zerikusirik Etiopiarekin. Oso handia da; jende eta auto asko daude». Gehien txunditu dituena itsasoa da. «Hainbeste ur batera... Sekula ez genuen ikusi halakorik».

Bizitzen ari direna deskribatzeko ez dutela hitzik zioen Lulak. «Oso berezia da hemengo zelaietan dagoen giroa, eta, batez ere, oso berezia da zelaiak belarrezkoak izatea. Han ez dugu halakorik. Hango zelaiak harri txintxarrezkoak dira, eta hauts asko altxatzen da».

Artean postrea amaitzen ari ziren. Bukatzean, gainerako taldekideekin abiatu ziren biak, Donostiako Karmelo ikastetxean duten egoitzara. Datorren asteartera bitarte amets bat bizitzen jarraituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.