Maratila

Barneko Paradisu

Aurelia Arkotxa.
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Jakina da Thoreauren Berkonkistatu behar den Paradisua (Paradise to be (re)gained, 1843) Etzlerren The Paradise Within the Reach of All Men, Without Labor, by Power of Nature and Machinery (1833) lanaren irakurketa dela. Etzlerrek, bestalde, Charles Fourier frantses filosofoaren ideiak zituen iturritzat hartu nagusiki bere obran. Zioen Etzlerrek 10 urteren epean paradisua sort zitekeela lurrean. Bizitzeko ahalak hobe zitezkeela anitz. Handizki izanen zirela hornituak baratzeak. Ozeanoak ur gainean kurri dabiltzan irlez estaliak. Haizea, Marea, Uhainak, Eguzkia energia iturritzat baliatuak izanen zirela «sistema mekanikoen» medioz. Thoreauk Etzler komentatzen du erranez egia dela badirela naturalezan sekulan baliatuak izan ez diren indarrak. Bai, etorkizunean garraio eta ibilgailu berriak asmatuko direla. Espazioan barna ibiliko direla jendeak. Lurra utzi ondoan mendebaldeko planeta huts batean hautatzen ahalko dutela bizilekua. Baina Thoreauk bere dudak baditu Etzlerren teoriaz. Dio Thoreauk Etzlerren «'Espainiako gazteluak' [amets antzuak] erortzen direla ez direlako aski gora heltzen». Lehenik «moralezko erreforma» egin behar baita Thoreauren ustez. Munduaren aldatzeko «sistema mekanikoak» baino efikazagoa dela «barneko zuzentasuna» dio. Moralezko indarrak ez daitezkeela matematikaren poderioz neur. Amodioaren indarra ez daitekeela kuantifika. Amodioak, dio, «surik gabe bero dezake, soinekorik gabe bezti dezake, teilaturik gabe geriza. Amodioak barneko Paradisua sortzeko ahala badu, eta ondorioz kanpoko Paradisuak ez balezkoak dira bihurtzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.