Emozioak eta sentimenduak askatu egin behar dira, ezkorrak izanagatik. Ez da erraza, baina, adituen ustez, jendearen ongizaterako eta osasunerako egin beharreko ariketa da. Gainerakoan, ondorio ezkorrak ekar ditzake. Egoera emozionalak eta sentimenduak izango dira biharko Bizigiro saileko erreportaje nagusiko gaia, BERRIA egunkarian. Aitor Aritzeta EHUko Psikologia Fakultateko irakaslearekin, Aintzane Irizar psikologoarekin eta psikoterapeutarekin eta Itxaro Mendizabal Beasaingo (Gipuzkoa) Ttiklik elkarguneko arduradunarekin hitz egin da gaiaren inguruan. Lizarrako ikastolan (Nafarroa) eta Beasaingo Murumendi eskolan aspalditik eta txikitatik lantzen dituzte emozioak ikasleekin. Bi ikastetxe horien kasua ere gogora ekarriko da erreportajean.
Michelin izarra jasotzeak sortu zion poza ezkutatu ezinik ibiliko zen Paulo Airaudo sukaldaria, asteazken iluntzean. Donostian duen Amelia jatetxeari lehen izarra eman zioten sari banaketan. Sariak eman dion poza aitortu du eskainitako elkarrizketan, eta bere lanari buruz ere aritu da.
Sirian ere pozik jasoko dituzte Gasteiztik bidaliko dizkieten musika tresnak, ziur. Musika eskolako lagunek eta Mugarik Gabeko Musikariek kanpaina bat abiatu dute musika instrumentuak biltzeko. Bildutako materiala Siriako eskoletara bidaltzea da asmoa. Ekimenari buruzko erreportajea irakurri ahal izango da bihar Bizigiro sailean.
Telesailek ere euren tartea izango dute. Aste honetan, besteak beste, Vikings telesaila izango du mintzagai Ander Perezek.