Arrazoi duzue: hiru Ekografia asteon, eta hirurak euskal zeraren ingurukoak, telebistari eskainitako pantaila den tarte honetan. Borrando a ETA astearterako; Nazioarteko Konferentzia hurrengo egunean; Konferentzia horri buruzko Plató 2.0 gaur, ostirala. Baina, ados izango zarete, gaurkotasuna harrapatu du gaiak, telebista betetzeraino. Eta alternatiba, asteazken gauean, eskasa zen: Txapeldunen Ligako partida bat (Bartzelona, hamaikagarrenez) edo Comando actualidad —kaltegarria bake garai hauetarako, burmuinerako—.
Plato 2.0 ikusi nuen, beraz, Konferentziaren ingurukoa izan bide zena. Hasteko, arraroa egin zitzaidan gonbidatu hautaketa. Saioaren lehen erdian, galtza urdinkarak, eskularru zuriak, auskalo zenbat kilo, baina pisutsua oso, Antoñito Basagoiti, Bilboko (edo Getxoko? Edo Madrilgo? Nongoa demonio da Basagoiti?) moxala. Konferentziara joan ez eta gainera gogor kritikatu zuena. Saioaren bigarren zatian, galtza gorriz, panazko eskularruekin, Aizarnako mailua, Jesus Egiguren (sic). Konferentzian egon bai baina desgogara bueltatu zena.
Borrokaldi estua espero nuen bi leihakideen artean, are aurretik Egigurenek esan zituenak entzun ondoren. Baina, bai zera, barealdia izan zen erabatekoa. Azaroaren 20aren gertutasunagatik, akaso. Bizi dugun momentu historikoaren garrantziaz jabetu direlako, agian. Kontua da galdetzaileen itaunak zintzo asko erantzun zituztela biek, gauza adierazgarriak esanez tarteka.
Adibidez, Basagoitiren hitzetatik interpreta daiteke PP itxuraz dirudiena baino gehixeago mugitzeko prest dagoela. Bere betiko diskurtsoan, banderatzat haizatuz legea, dispertsioaren errebisio baterako aukera iradoki zuen Basagoitik, ETA desagertzen bada ETAren kontra martxan jarri zen neurri batek zentzua izango ez duela esanaz. Mayor Orejaren hitzak ere —PSOEk eta ETAk dena lotuta dutela— ezeztatu zituen nolabait.
Egiguren ikusi zen goibel, galtzaile trazaz, haserre bere buruarekin. Baina egin zuen gogoeta politikoa sendoa izan zen oso. Esan zuen ez dutela ikusi bakea etortzen, beste batzuek jantziko dutela bakea ekartzearen domina, desertua datorkiela sozialistei. Eta historia ez dela soilik memoria, dela memoria eta ahanztura, %50ean bakoitza. Kontua da saihestea batzuek memoriaren %50a jartzea eta besteek %50a, baina ahanzturarena.
Komunikazioa. Ekografiak
Basagoiti vs Egiguren (sic)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu