Asteburuko proposamenak

Baserrietako bizia kostaldean

Miarritze. Lehen aldiz, kostaldeko herrian egingo dute Lurrama azoka, ostiralean hasi eta igandera arte

Ehun animalia inguru ikusteko aukera eskainiko du Lurramak asteburuan. BOB EDME.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Toki berria izango du aurten Lurrama azokak. Baiona utzi eta kostalderago joango da garapen iraunkorraren araberako herri laborantzaren aldeko ekimena; hain zuzen ere, Miarritzeko Irati aretoan kokatuko dute, ostiraletik igandera bitartean.

Baldintza tekniko hobeak aipatu dituzte antolatzaileek azoka tokiz aldatzeko, Miarritzeko aretoak 5.000 metro koadro ditu, eta hortik hurbil 750 doako aparkaleku daude. Areto horri esker, aterpean egingo dituzte ekitaldi guztiak. Hara bildu nahi duenak, gainera, ez du herrigunean sartu beharko, errepide nagusiaren eta A63 autobidearen ondoan baitago.

Tokiz aldatu den arren, azokaren oinarria ez da aldatuko. Laborari eta hiritarren, eta erosle eta saltzaileen arteko zubiak eraiki nahi baititu Lurramak; gainera, herritarrei kalitatezko laborantza ezagutarazi nahi die.

Azokak iraungo duen hiru egunetan, galdera bat erantzuten saiatuko dira: Ba ote duguoraindik laborarien beharra? Horretan sakontzeko hainbat hitzaldi eta mahai inguru prestatu dituzte.

Irati aretoko bi solairuak hartuko ditu Lurramak, goiko solairuan animazioak eta apairuak egongo dira, eta behekoan ehunetik gora animalia.

Urtero bezala, aurten ere gonbidatu bereziak izango dituzte.Bretainiako 75 lagun joango dira Miarritzera haien egoeraren berri ematera.

Egitarau oparoa prestatu dute hiru egunetarako. Haurrek zabalduko dute azoka ostiralean, 1.200 ikasle inguru espero dituzte, behiak jezten ikusiko dituzte, oilarren kukurrukua entzun... Lehen egunean ere Jean Marie Harribey azokako ugazaitaren hitzaldia izango da, arratsaldeko seitan: Liberalismotik atera, laborantzan ere bai.

Larunbatean, sukaldaritza tailerra egingo dute goizean, eta 13:00etan, Laborarien beharra ote dugu? eztabaida egingo dute, Euskal Irratiek eta Kanaldudek antolaturik. Seietan, beste eztabaida bat izango da: Bretainian eta Euskal Herrian, laborantza industrialetik herrikoira. Igandean, azkenik, baratzegintza tailerra, sukaldari handien bazkaria, gasna txapelketa eta mutxikoak izango dira, besteak beste.

LURRAMA

Zer. Hitzaldiak, azoka...

Non. Miarritzeko Irati aretoan (Lapurdi).

Noiz. Ostiraletik igandera.

Sarrera. Lau euro, eta haurrentzako doan.

Informazio gehiago. http://www.lurrama.org/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.