Baserritar modernoak

Bartzelonako Euskal Etxeko hileroko agenda apaintzen dute Igotz Ziarretaren argazkiek. 'Made In' bildumakoak dira, eta hiritar ukitua daukaten baserritarrak ditu protagonista.

2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Bartzelonako Euskal Etxea ezagun egin da inguru horietan ikasturte honetan, batez ere atera dituzten kartelengatik. Hilero, argazki berritzaile bat plazaratzen dute hilabeteko agendaren kartelean. Igotz Ziarreta meñakarrak (Bizkaia) ateratako argazkiak dira, eta «oso pozik» agertu da oraingoz lortu duten emaitzarekin. Bartzelonako Euskal Etxeko diseinu arduraduna da, eta argazki horiek ateratzea bere proiektua izan da. «Euskal Etxea ezagutarazteko, indarra emateko erabili dira argazkiak karteletan; horiei esker oihartzun handiagoa lortu da».

Argazkien egileak Made In izenaren barruan sartu ditu ateratako argazki guztiak. Denak batera identifikatu ahal izateko egin du hori; izan ere, ez dituzte guztiak karteletan aterako. «Orain, argazki guztiei azken ukituak ematea falta zait, eta horrek lan handia dauka, beraz, oraindik denbora asko beharko dut. Amaitzen dudanean, ikusiko dut erakusketa bat jarri edo beste zerbait egin».

Baserritarrak agertzen dira argazkietan, arropa tradizionalekin, baina guztiek ere ukitu hiritar edo modernoa daukatela antzeman daiteke. Bizkaitarrak garbi utzi du, ordea, argazkiak ez direla euskal baserritarren parodia. Euskal Herriko itxura «duintasun» batekin aurkeztu nahi izan dute. «Ni Bartzelonan bizi arren, baserritarra naiz, hau da, kanpotik hiritar itxura daukat, baina baserritarra naiz azken finean. Horrekin apur bat jolastu nahi izan dugu». Hasiera batean, ideia sortu zitzaienean, Bartzelonan hasi ziren argazkiak ateratzen. Baina, azpiegitura faltagatik, eskatu beharra zegoen baimen guztiengatik eta bete behar ziren paper guztiengatik, argazkiak ateratzera Bartzelonatik Euskal Herrira etortzea erabaki zuten.

«Guztia espero bezala atera zaigu». Abuztuan atera zituzten argazkiak, eta hasiera batean prozesuaren inguruan dudak izan zituzten arren, dena espero bezala joan zitzaielakoan dago. Jende askok lagundu dio. Batez ere, Xanti Alkortak estilista moduan egindako lana azpimarratu du.

Ikasturte hasiera bakoitzean, Euskal Etxearen irudia berritzen dute Bartzelonan, eta argazki horiek bat datoz aurten eman nahi duten irudiarekin. Abenduan, ordea, ez dute kartelik aterako, izan ere, jendea etxera bueltatzen da oporretan, eta, beraz, egitarau laburragoa antolatzen dute hilabete horretarako.

Etorkizunerako ideia gehiago ere badituzte, eta antzeko ildoa jarraituko dute datorren ikasturtean ere. Bartzelonan bizi diren euskaldunen inguruko argazkiak aterako dituzte. «Hirian bertan aterako ditugu, zailago izango da antolaketa eta prestaketa aldetik, baina horrelako zerbait egitekotan gara». Oraindik proiektua bada ere, hurrengo ikasturteko Euskal Etxearen irudiak antzekoak izango dira.

Proiektuak aurrera ateratzeko tokia

«Maila oso handia dauka, eta kalitate handiko ehunka ekitaldi antolatzen ditu Bartzelonako Euskal Etxeak». Hala jakinarazi du hango diseinu arduradunak, euskaldun eta katalan asko mugitzen dituela. Euskal kultura erakusteko toki bat baino zerbait gehiago da, haren ustez. «Bartzelonara, normalean, gazteak etortzen dira, eta, gainera, denbora baterako, ikasketak direla eta. Kasu askotan, bakoitza bere proiektuarekin dator, eta horiek aurrera ateratzen laguntzen du Euskal Etxeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.