Artearen historiako lizentziaduna da Amanda Cuesta, eta aspalditik du gaizkile txikiei buruzko zinemarekiko miresmena. Zinegintza mota hori genero ofizial izendatuta ez badago ere, horretarako behar adina bereizgarri dituela uste du Cuestak.
Zein bereizgarri ditu gaizkile txikiei buruzko zinemagintzak?
Lehen pertsonan kontatutako filmak izan ohi dira. Protagonistak gaizkile txikiak dira, eta premia sozial batengatik sortzen da, une horretan gertatzen ari dena kontatzeko beharra dagoelako.
Pertsonaiak, gainera, benetan zirengaizkile txikiak, ala?
Bai, eta horixe da genero honek duen magia. El Jarok, esaterako, Perros Callejeros filmetik ikasi zuen poltsak lapurtzeko teknika, eta Deprisa deprisa pelikulako protagonista, heroinan erortzeaz gain, filmean egindako lapurreta berdina egiteagatik atxilotu zuten. Elkar elikatzen dute fikzioak eta errealitateak, eta horrek kontakizuna are eta sinesgarriagoa egiten du.
Nazioartean paralelismorik egon al zen?
Bai. Frantzian, gazteen delinkuentzia erakusten zuten film ugari egin ziren, baita Italian, Mexikon eta beste hainbat herrialdeetan ere. Baina hemen beste testuinguru bat zegoen, diktadura batetik irten berri baikinen...
Eta Euskal Herrian gaizkile txikiei buruz egiten zen zinemagintzak bazuen bereizgarririk?
Euskal zinemagintzari buruz baino, euskal zuzendariei buruz hitz egin behar da gehiago. Bertan dago, niretzat, gaizkile txikiei buruzko zinemak eman duen zuzendaririk onenetako bat: Eloy de la Iglesia bilbotarra. Kaleko gazteen bizitza era gizatiar batean ematen zuen, eta horrek zuzendari azpimarragarri egiten du. Eta hemen egin zen gaizkile txikiei buruzko zinemak atzeko testuinguru politikoa bazuenez, hori izan daiteke haren bereizgarrietako bat.
Amanda Cuesta. Komisarioa
«Bat dira errealitatea eta fikzioa gaizkile txikien zineman»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu