Plaza giro

Bazterrean gelditzen dena

Urte batzuk badira Pirinioetako autobidea eraikitzen hasi zirela, eta orain aste batzuk ireki dute osorik Nafarroari dagokion bidea, Ledea pareko atala amaitzean.

Errepide berria eraiki dutenetik, Ledeara doan bidean ez da auto askorik izaten. LANDER FERNANDEZ ARROIABE/ ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Ledea
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Lehenago ere ez zeuden helmuga izatera ohitura, eta orain ere ez dute aukera handirik izango. Gehienentzat pasagune baino ez ziren herriak, are pasaguneago dira egun. Nafarroako Pirinioetako autobidea eraikitzen hasi zirenetik, atalez atal bazterreko geraleku bihurtuz joan dira orduko 120 kilometrora doazen gidari gehienentzat errepide bazterreko herriak. Azkar batean bazen ere, gurutzatu egin behar izaten zituzten lehen, baina bazterrean uzten dituzten kartel batzuk baino ez dira egun: Idotzin, Izko, Alduate... Autoak heldu aurreko lasaitasunaren pareko bat irabazi dute bide zaharrek aldaketarekin, baina izan da ateak itxi behar izan duen negoziorik ere. Orain aste batzuk ireki zuten autobidearen azken zatia, baina Ledean (Nafarroa) oraingoz lortu dute biei eustea: urritu egin dira autoak herrian, baina ez bertan gelditzen zen jendea.

Nahigabe ere sartu egiten zen lehen jendea, kasik. Izan ere, Ledea sarreran dagoen Latorre ostatuaren ateraino heltzen zen errepidea orain gutxira arte. Errepide berriaren irekierarekin, ordea, autobidetik apur bat urrundu eta bira txiki bat egin behar dute gidariek hara heltzeko. Ez da traba, hala ere. Gosarien ordua da, eta beteta dute aparkalekua. «Lehiakor izatea da hemen giltza», dio Patxi Latorre negozioaren buruak. «Inguru hau ezin ederragoa da, eta bakarrik saltzen da. Autobideak mesede baino ez dio egingo, baina gogor egin behar da lan. Orain berehala heltzen da jendea hona, eta hemendik aurrera gora egingo du honek. Etorkizunak nondik joko duen asmatzea da klabea».

Irekita dago jadanik bidea, baina badira oraindik langile bakar batzuk lanean. Bere etxeko leihotik ikusten ditu Francisco Garciak. Han jaio zen, eta han bizi da orain ere. «Begira, bide bazterretan zuhaitz batzuk landatzen dabiltza». Herriko azken eraikinetariko bat da berea, eta harriz harri ikusi du autobidearen eraikuntza handik. «Nik uste nuen hemendik ez zela inor ere pasatuko, baina oraindik ere pasatzen dira gutxi batzuk». Iruñean sortua da Alfredo Medrano, baina etxea erosi zuen Ledean. «Autobidea ikaragarrizko erosotasuna da niretzat. Ordu erdian nago hemen».

Ledeatarrentzat ez da errepidea izan kexa arrazoi nagusia, zubia baizik. Zubia eta harrobia. Izan dute beren borroka. Egoera txarrean dago herri sarrerako zubia, eta debekatuta dute kamioiek hura gurutzatzea. Manifestazioak ere egin zituzten berri zezaten eskatzeko, eta, azkenean, baiezkoa eman die Gobernuak. Harrobi bat ere bada herrian, bestetik, eta kexu dira herritar batzuk, haizea dagoenetan sekulako hautsa altxatzen omen delako. «Pinuak txuri gelditzen dira», dio Garciak.

Xabierraldiaren eragina

Sasoia da, eta Xabierraldia dute ahotan herritarrek. «Orain hogeita hamar bat urte hau beldurgarria zen gauez eta. Bizia arriskuan jarri behar izaten genuen hara joateko. Zu oinez joanagatik, haiek ez ziren geratzen! Orain, errepide zaharrak libreago izaten dituzte oinezkoek, eta ezin lasaiago egin liteke ibilaldia». Salbuespen egunak dira, hala ere, asteburuotakoak bide zaharrentzat. Igandeko Xabierrerako erromesaldiaren kontura, jendez lepo izango dira bi asteburuotan bestela urte osoan nahiko hutsik izaten diren errepideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.