Lehendabiziko pausoak gaur egun Amaia zentroa dagoen egoitzan eman zituen, artean haur eskola zela. Hiru hamarkada geroago, bigarren etxea izaten jarraitzen du kultur guneak Oihane Perea bertsolari gasteiztarrarentzat. Bertan biltzen dira Aranbizkarra auzoko elkartea, Euskharan euskara elkartea eta Arabako Bertso Elkartea. Urteekin, Aranbizkarra auzoko euskaldun askoren erreferente bilakatu da Amaia; haur, gazte eta helduentzako bilgune garrantzitsua da.
Egun, Agurainen bizi da, baina maiz gerturatzen da Perea Amaia zentrora, jaio zen auzora. Kanpo aldetik hutsik geratu den eskola zaharra badirudi ere, bizi-bizi dago barrutik. «Haur eskola bertatik eraman eta hutsik geratu zen. Orduan, bertako auzo elkarteak eskatu zuen egoitza. Poliki-poliki biziberritzen joan den zentroa izan da», gogoratu du Pereak. Aurreko opor asteetan umeentzako tailerrak izan dira, eta joan-etorria etengabea izan da goizero. Pereak ere ia egunero egiten du bertara bisita. Arabako lautadan bertso eskolak ematen aritzen bada ere, Gasteizko txoko honetan du lanerako zentroa. Bertso eskolak ematen edota Euskharan elkarteko koordinatzaile lanak egiteko hamaika bidaia egin behar izaten ditu aste barruan bertara.
Jolastokia, liburutegia, ikus-entzunezkoen aretoa. Eskaintza zabala dago bertaratzen den ororentzat, aste barruan eta baita opor garaietan ere. Ikastaroak, haurrentzako tailerrak, zinema euskaraz. «Auzoarentzat, euskal txoko erreferentziala da, baina gutxinaka-gutxinaka hiriarentzat ere bai. Ahoz ahokoari esker, geroz eta jende gehiago etortzen da. Gasteizek halako leku bat behar zuela uste dut».
Hiriburuko auzo guztietan daude gizarte etxeak, baina ez dute, Perearen aburuz, euskararen hutsunea betetzen. Euskarazko eskaintza egiten dute, baina ez sobera. «Euskara sakabanatuta badago, galtzen ateratzen da. Elebitasuna dagoen tokian, txikiak galtzen du handienaren alboan, eta, horregatik, diskriminazio positiboa egin beharra dago. Garrantzitsua da euskararen presentzia edonon egotea, baina indarrak batzea ere beharrezkoa da».
Perearen esanetan, euskaldunak hirian sakabanatuta daude, eta Amaia zentroa horiek elkartzeko, sarea sendotzeko, aukera izan daiteke. «Auzoan, normalean ez dakizu zein den euskalduna, eta badaezpada lehenengo hitza gaztelaniaz izaten da. Elkar ezagutzeko eta sarea egiten joateko halako lekuak garrantzitsuak dira».
Euskal txokoa «indartzeko» asmoz, aurrera begira, egoitza bertako elkarteek kudeatzea dute helburu. «Udalaren egoitza da, eta harekin dugu hitzartuta erabilera, baina denborarekin zenbait aldaketa egin nahi ditugu, egitasmoa are gehiago zabaldu ahal izateko».
BERTSOLARIEN BILGUNE. Bertsolari hasi berrientzako eskola eta profesionalentzako topaleku ere bada Amaia zentroa. Larunbatero bertan ematen ditu eskolak Arabako txapeldunak, eta aste barruan Arabako beste hainbat herritan. «Bertako egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, ez da erraza. Uste dut lana ondo egiten ari garela, eta oinarri sendoa jartzen ari garela. Aste honetan berrogei bat haur egon dira Gorbeialdeko barnetegi batean. Esanguratsua da». Arabako bertsolari txapelketako finalerdiak ere jendez gainezka izan dira azken asteotan, bertsolaritzaren egoera onaren erakusle. «Gainditu egin dira genituen aurreikuspenak».
Amaia eta gainerako eskoletan ikasitakoak, ordea, Principal antzokiko eszenatokian erakutsi beharko dituzte bete-betean datorren larunbatean, txapelketako finalean. Arabako txapelduna lasai ageri da, Amaiako kulunketan semearekin jolasean. «Uste dut gozatzeko moduko saio bat atera dezakegula. Gainera, asko kostata, berriz ere Principalen abestea zirraragarrria da guretzat». Aurrean lehiakide indartsuak dituela gogoratu du, eta emaitza nahiko parekatua izan daitekeela.
Egun handia iritsi zain, eskoletan eta herriz herriko saioetan entrenatzen dabil Perea. «Ez dut azterketa bezperako moduko prestaketarik egin. Etengabea eta poliki-poliki egindakoa izan da entrenamendua».
BAZTERRETIK . «Auzokideentzat, euskal txoko erreferentziala da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu