Oasia Ser katean. Carles Francinok (Hoy por hoy goiz magazina) Rufi Etxeberria elkarrizketatu zuen zuzenean asteartean, Donostiara horretarako hurbildu eta gero; irratiko web orrian adi daiteke audioa. Artilleria ondo prestatuta heldu zen Francino, indarkeriaren inguruko galdera zuzenak besapean. Ohikoa ez den lizentzia ere hartu zuen kazetariak une batean, begitara zuzen begiratuz erantzuteko gonbidatuari eskatu zionean. Konfiantza transmititu nahi izan zuen, ala errieta («aitor zaitez behingoz») egin nahi izan zion, ez da aisa asmatzen. Keinuen interpretazioen gainetik nolanahi ere, Francinoren jarrera ireki eta tolerantea da aipatu beharrekoa, egoera politiko berria aintzat hartuta. Ez da ahaztu behar haren zenbait solaskideren (Josep Ramoneda, Anton Losada…) laguntza ere. Nahiko bakartia egiten zaigu, oraingoz, Francinoren oasia, ezezko erreakzionarioan lubakitutako estatuko ia gainerakoen esale izartsuen ondoan.
Txalotzeko ausardia. Sindikalismo eredu ezberdinen arteko ika-mika antolatu zuten Boulevard-en astelehenean. Luze, zabal eta patxadaz, Eduardo Garcia (CCOO) eta Mikel Novalek (ELA) estatuko pentsioen erreformaz eztabaidatu ahal izan zuten, Dani Alvarezek gidaturik. Txalogarria da ekimena, antzeko planteamenduetarako joera desagertzen ari den hedabideen panoraman. Izan ere, edozein gizarte iskanbilaren bat dagoenean inplikatutako eragileak nor bere aldetik elkarrizketatzea da hedabideen jarrerarik ohikoena, errazena. Gehiago kostatzen da mahai berera eramatea muturreko jarreren ordezkariak; bere arriskuak dituelako egoera hori zuzenean kudeatzeak, zalantzarik gabe.
Goikoak, gainerakoak. Klasikoa bihurtzen ari zaigu zutabe honetan Boulevard saioak elkarrizketari eskaini ohi dion tarte luzea. Politikaren erakusleiho objektibo eta proportzionala ez beste edozer gauzatzat jo litekeena; akaso, alderdi sozialistako kideei eta gainerakoei eskainitako tarte gisa aurkez daitekeena. Aste honetan hamaikagarren adibidea: Joseba Egibar (EAJ) astelehenean, Javier Perez Royo (zuzenbide konstituzionaleko katedraduna) eta Juan Calparsoro (fiskalburua) asteartean, Iñaki Arriola (Eusko Jaurlaritza) asteazkenean, Isabel Zelaa (Eusko Jaurlaritza) ostegunean eta Javier Rojo (Senatuko presidentea) ostiralean.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Begietara begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu