Osasuna. Medikuntza

Begiko gaitz bakoitzak bere irtenbidea

Irritazioa, etengabeko malko jarioa, bekatxoak, aparteko sentikortasuna… Begiak gorputz-atalik delikatuenetakoa dira, eta aski normala da sarritan osasun-arazoak agertzea. Arreta-neurriak zaintzea da irtenbiderik onena.

Malko jarioa da begiko arazo ohikoetako bat. BERRIA.
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Neurri batean edo bestean, gutako gehienok —guztiok ez esateagatik— izango genituen molestiak edo gaitzak begietan. Hasi konjuntibitis kasuetatik, eta bekatxoak, alergiak edo kisteak bezalakoetaraino. Begietako higiene egokiarekin eta, behar izanez gero, medikuaren aholkuekin, horiek guztiak konpontzeko modua izango dugu.

Konjuntibitisa

Betazalen barruko aldea eta begi-globoaren zati zuria estaltzen dituen mintzaren, konjuntibaren, inflamazioari esaten zaio konjuntibitisa. Hainbat arrazoi direla medio gerta daiteke:

Substantzia narritagarriekin (tabako-kea, piszinako kloroa, makillajea eta abar) izandako kontaktuagatik.

Erreakzio alergiko baten ondorioz.

Birus edo bakterio batek eragindako infekzio moduan.

Sintomak

Usuenak begietako gorritasuna, eta betazaletako inflamazioa dira, azkura-sentsazioa —begi barruan hondarra edo hautsa sartu izan balitzaigu bezala—, begietako negarra —begi bustien etengabeko sentsazioa—, argiarekiko sentikortasuna eta malkoak baino lodixeagoa den likido seroso baten jariaketa.

Zer egin?

Kasurik gehienetan, irritazioagatik edo birusengatik sortutako konjuntibitisak inolako tratamendurik gabe desagertzen dira. Dena den, sintomak arintzeko medikuak kolirioren bat errezeta dezake, kongestioa edo hantura gutxitzeko.

Konjuntibitis bakterianoa bada, aldiz, espezialistak antibiotikoa duen kolirio edo pomadaren bat aginduko dio gaixotasuna duenari.

Konjuntibitisa alergikoa baldin bada, azkenik, antihistaminiko bat aplikatzea da neurririk egokiena, tanta bidez edo agian pomada berezia erabiliz.

Bekatxoak

Bekatxoak edo begitxindorrak betazalen barruko aldean, betileak sortzen diren lekuan hain zuzen ere, kokatuak dauden guruinen infekzioa besterik ez dira.

Sintomak

Betazalaren ertzean koskor moduko bat agertzen da, mina eta astuntasun-sentsazioa eragiten dituena. Kasu batzuetan koskor edo bulto hori hautsi eta zornea agertuko da.

Zer egin?

Normalean bekatxoak bere kasa desagertzen dira. Baina gaur egun ezer egin gabe egoteko pazientziarik ez dugunez, medikuak kolirio antibiotiko bat errezetatuko du, tanta batzuk alegia. Zornea kanporatzea errazteko, ur berotan bustitako —edo hobe oraindik, kamamila-infusioan ondo blaitutako— gaza bat jar daiteke bekatxoaren gainean.

Begi lehorra

Begiek lubrifikazio egokia lortzeko adina malko sortzen ez dutenean egoera horri begi lehorra esaten zaio. Hainbat arrazoi direla medio gerta daiteke, baina ohizkoena zahartze-prozesu naturala da —65 urtetik gorakoen %75 inguruk trastorno hori jasaten dute—. Lentillak erabiltzeak, haurdunaldia edo menopausia bitartean gertatzen diren aldaketa hormonalek, edo ingurugiroko faktoreek —haizeak, eguzkiak…— ere sintomak areagotu ditzakete.

Sintomak

Lubrifikazio faltak irritazioa, azkura, gorritzea eta begi barruan zerbait edukitzearen sentsazioa bezalako sintomak eta trastornoak eragiten ditu.

Zer egin?

Molestiak ez badira oso gogorrak, egunero malko artifizialak erabiltzearekin nahikoa izaten da. Dena den, kasu serioagoetan kortikosteroideak bezalako farmakoak erabili beharko dira, modu topikoan, sintomak gutxitu eta inflamazioari aurrea hartzeko. Trastornoaren arrazoia betazalen posizio desegokia baldin bada, zenbait kasutan ebakuntza kirurgikoa gomendatzera iritsiko da espezialista.

Kisteak begietan

Betazaletan agertzen diren koskorrak dira, betazal-barrualdeko sebo-guruinen hodiak, guruinen jarioa kanpora atera ohi dutenak, itxi edo buxatu egiten direlako. Gehienbat akneak edo dermatitis seborreikoak jota dauden pertsonetan azaltzen dira era horretako kisteak begietan.

Sintomak

Hantura agertzen da betazalaren ertzean, pixkanaka tamainaz gehituz doana. Betazala zanpatuz kornea ere presionatzen badugu, ikusmen-arazoak eragin ditzake.

Zer egin?

Kistea ez bada bere kasa, tratamendurik gabe alegia, desagertzen, guruinaren buxadura konpontzen saia gaitezke, ur berotan bustitako gazak erabiliz. Molestiak arintzeko, medikuak antibiotikoak edo kortikoideak dauzkaten pomadak errezetatuko ditu begietarako. Hala ere, denborak aurrera eginda ere kisteak ez badira desagertzen, horiek drainatu eta behar bezala husteko ebakuntza kirurgikoaren premia baloratuko du espezialistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.